Bidebieta Institutuko ikasleek bi film labur proiektatuko dituzte Donostiako Zinemaldian

2024-09-18

Bidebietako Bideberri Institutuko hogeita hamaika ikaslek bi film labur egin dituzte Zinekin programaren barruan. Programa horrek kultura sustatzen du integrazioa errazteko bitarteko gisa.

“La Influencer” eta “Tiroteo” film laburrak datorren larunbatean (17:00etan) proiektatuko dira Trueba Zineman, Zinemaldiaren 72. edizioaren baitan.

Zinekin programa Zaragueta Zulaica Fundazioak sortu zuen duela bi urte, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Lankidetza Departamentuaren laguntza du. Horren bidez, urtero beste ikastetxe bateko gazte talde bat aukeratzen da. Hamalau eta hamazazpi urte bitarteko nerabeek film labur bat sortzeko prozesu osoan parte hartzen dute, gidoiak idazten direnetik pantaila handian proiektatzen diren arte: zuzendaritza, emanaldia, soinua eta argiztapena eta muntaia, besteak beste.

Aurten, Bidebietako Bideberri institutuaren aniztasuna eta testuinguru soziala hartu ziren kontuan ikastetxea aukeratzeko orduan. Izan ere, udalaren arabera, 25 jatorritako ikasleak biltzen dituen institutu honek “aberastasun handia” ematen dio Donostiari: “Kohesioa eta gizarteratzea dira bere nortasuna eta indarra, eta erakunde publikoen zeregina da pertsona guztiak erabat integratzeko politiketan lan egitea”.