Catering-makroenpresek kudeatutako jantoki-eredua blindatu du Hezkuntza Sailak

2024-10-03

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bi agindu argitaratu berri ditu, 2000. urtetik indarrean egon den jantokien araudia indargabetzen dutenak. Urte guzti hauetako familien eta hezkuntza komunitateen aldarrikapen historikoei erantzuteko aprobetxatu du? Inolaz ere ez.

Izan ere, araudi berriak catering-makroenpresek kudeatutako jantoki-eredua blindatzen du, hezkuntza-komunitatearen parte-hartze demokratikoan oinarritutako eskola-jantoki publiko osasuntsuago, jasangarriago eta pedagogikoago bati atea itxiz.

Hala, agindu berriaren 2. artikuluak ezartzen duenez, “sektoreko enpresak kontratatuko dira jantoki-zerbitzua emateko”. Hala, 2000. urteko araudiak kudeaketa desberdina ahalbidetzeko zituen aukerak itxi dira, hala nola ikastetxearen bidezko kontratazio zuzena (11. artikulua) edo baimendutako erakundeen bidezko kudeaketa (24. artikulua).

Eusko Legebiltzarrak 2019an aho batez onartu zuen “kudeaketa berritzaile eta deszentralizatua aukeratzen duten ikastetxeentzako aukera bideragarriak ahalbidetzera bideratutako sistema osagarri baten oinarriak zehaztea” eta proiektu pilotuek urteak daramatzate jantoki osasuntsuago, jasangarriago eta parte-hartzaileagoa posible dela frogatzen, baina Hezkuntza Sailak entzungor egin du eta gure seme-alaben elikadura catering-makroenpresen esku utzi du.

Azken urteotan, hainbat eragileren eskaerari erantzunez, Hezkuntza Sailak eskola-jantokiak kudeatzeko beste eredu batzuk aztertzeko “asmoak” agertu ditu. Baina promesa amaigabeen ondoren, dena berdin mantentzea eta eskola-komunitateak etengabe zalantzan jartzen duen eredua iraunaraztea erabaki du. Engainatuta sentitzen gara.

Ildo horretan, agindu berriak ez du ezer berririk planteatzen eskola-jantokiak bete behar duen funtzio pedagogikoari dagokionez. Ikastetxeko gainerako espazioen maila berean egon beharko lukeen elikadura-ohitura osasungarriak sustatzeko tresna garrantzitsua izanik, ez du horren aldeko apusturik egiten. Hala, ez du sartzen eskola-jantokia Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuan, “uharte” moduko bat bezala mantenduz. Haurrek eskola-denboraren % 30 jantokian igarotzen dutela kontuan hartuta, zergatik da utzikeria hori?

Jantokiaren funtzio pedagogikoaren alde egiten ez duenez, ez du inolako erreferentziarik egiten jantokiko langileek izan behar duten profilari eta prestakuntzari buruz, eta ez du inolako hobekuntzarik proposatzen ratioetan eta langile-horniduran.

Era berean, ez dugu inolako erreferentziarik aurkitu sukaldeen eraikuntzari buruz. Horien bidez soilik bermatu daitezke elikagai freskoekin, sasoikoekin, lokalekin, jasangarriekin eta kalitatezkoekin egindako menuak, baita xahuketa minimizatzea ere.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzari buruzko 17/2023 Legeak honako hau ezartzen du 37. artikuluan: ” Ikastetxeko hezkuntza-proiektuan sartuta dauden eskola-jantokiek bere zeregin pedagogiko indartuko dute, eta eskola publikoaren plan estrategikoaren parte izango dira, haien azpiegiturak eta zerbitzuak hobetzeko”. Paper errea berriro?

EHIGEk jantokiaren funtzio hezitzailean sinesten du eta inguruneari eta iraunkortasunari lotutako elikagaien kalitatea lortzearen aldeko apustua egiten du. Horregatik, kontrako norabidean doan agindu berri honen aurka gaude erabat, eta familien eskaerei erantzuteko eskatzen diogu Hezkuntza Sailari.

Gure aldetik, eta urte hauetan guztietan egiten ari garen bezala, lanean jarraituko dugu Euskal Eskola Publikoarentzat jantoki osasuntsuagoak, jasangarriagoak, pedagogikoagoak eta parte-hartzaileagoak lortzeko.