DBH3 eta DBH4ra zabalduko da curriculum-materialen programa

2024-06-14

DBHko 3. eta 4. mailak, azkenik, curriculum-materialak laguntzeko programan sartu dira, gure aldarrikapen historikoetako bat. Horrela, datorren ikasturtean murriztu egingo da seme-alabak dituzten familiek ikasturte horietan ordaindu beharreko kostua, orain arte programa hori DBHko 2. mailara baino ez baitzen iristen.

Hezkuntza Sailak 2024-2025 ikasturterako material didaktikoei eta curriculuma garatzeko baliabideei laguntzeko programaren ebazpena argitaratu berri du. Programa eskola publikoetako Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasle guztiei zuzenduta egongo da.

Material didaktikoak eta curriculuma garatzeko baliabideak dira programaren xede, inprimakiak edo euskarri digitalean, bai eta material horiei lotutako lizentzia digitalak ere.

Ikastetxeak aukeratutako curriculum-materiala horrela finantzatuko da:

Lehen Hezkuntza

– 1. eta 2. mailak: Hezkuntza Sailak 35€ jarriko ditu ikasle bakoitzeko, eta familiak 27€.

– 3. eta 4. mailak: Sailak 35€ jarriko ditu ikasle bakoitzeko, eta familiak 30€.

– 5. eta 6. mailak: Sailak 35€ jarriko ditu ikasleko, eta familiak 31€.

Bigarren Hezkuntza

– 1. maila: Sailak 103€ jarriko ditu ikasle bakoitzeko, eta familiak 41€.

– 2, 3 eta 4. mailak: Sailak 103€ jarriko ditu ikasle bakoitzeko, eta familiak 45€.

 

Garrantzitsua:

  • Zentroko Ordezkaritza Organo Gorenak erabakiko du nola banatuko duen, zentroan ematen diren irakaskuntza-maila ezberdinen artean, ikasleek eta Hezkuntza Sailak emandako kopuruen guztizko batura, bai eta gastu-kontzeptuak zeintzuk izango diren ere, material didaktikoei eta curriculuma garatzeko baliabideei dagokienez.
  • Egindako gastuaren guztizko zenbatekoak lehen aipatutako guztizko batura gaindituko balu, zentroko Ordezkaritza Organo Gorenak ikertuko eta ezarriko lituzke zentroko ikasleen gaitasunak eta heziketa-proiektua garatzeko egokienak diren ordainketa formulak.

Deskargatu ebazpena hemen.