DBHn eskola-denborak berrantolatzeko HEDATZE proiektuak HAUSPOA ordezkatuko du

2022-05-02

HEDATZE berrikuntza-proiektu berria da, eta bigarren hezkuntzako ikastetxee publikoei zuzendua dago. Proiektuak HAUSPOA ordezkatuko du, eta eskola-denboren berrantolaketan oinarritzen da (eskola-orduak + ez lektiboak).

Proiektua bi ikasturterako izango da. Horietako bakoitza amaitzean, ebaluazio bat egingo da aurreikusitako helburuen betetze-maila neurtzeko.

Honako hauek onartu behar dute proiektua:

  • Klaustroaren %100ak (irakasle guztiek parte hartu behar dute jarduera ez lektiboetan).
  • OOGak (gehiengo osoa).
  • Familiek.
  • DBH3 eta 4ko ikasleek.

Aurreko ikasturteetan gainditu gabeko irakasgaiak dituzten ikasleak edo ebaluazio arruntean irakasgairen bat gainditzen ez dutenak behartuta egongo dira parte hartzera. Gainerako ikasleentzat, hautazkoa izango da jardueretan parte hartzea, eta familien esku geratuko da seme-alabek parte hartuko duten ala ez erabakitzea.

HEDATZEn parte hartzeak ez du inola ere jantoki-zerbitzua desagertzea eragingo, eta egindako proposamenek garraio-zerbitzuarekiko bateragarritasuna bermatu beharko dute.

Eskaerak 2022ko maiatzaren 27ra arte aurkeztu ahal izango dira, baina, beti bezala, azken unerako ez uztea gomendatzen dugu.

Hemen deskargatu dezakezue ebazpena informazio guztiarekin.

Webgunean ere aurki dezakezue: https://www.euskadi.eus/hedatze-proiektua/web01-a2hberri/eu/