Diru publikoa Eskola Publikora bideratzea eskatu dugu
2024-12-16
Atzo, abenduak 15, “Diru publikoa eskola publikoarentzat” lemapean Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneak Gasteizko Foru plazan antolatu zuen elkarretaratzean parte hartu genuen.
Bertan, EAEko Hezkuntza legearen babesean, Hezkuntza sailak itunpeko sare pribatuaren finantzazioa nabarmen handitu duela salatu genuen, pribatura bideratuz eskola publikoak behar dituen baliabideak.
Honekin batera, Hezkuntza saila eskola publikoak husten ari dela salatu genuen, beharrezkoak ez diren plazak ituntzen dituelako eta, ondorioz, kudeaketa ekonomiko eskasa egiten duelako.
Guzti honek eragina du ere euskalduntze prozesuan. Izan ere, aurten 2 urteko dozenaka B ereduko gela itundu dira, Legeak berak ezartzen dituen helburuak beteko ez dituzten arren.
Ondorioz, porrot egin du hezkuntza-sistema dual publiko-pribatuak hainbat alorretan, besteak beste ekonomikoan, emaitzetan, euskalduntze-prozesuan eta kohesioan.
Amaitzeko, Eskola Publikoa lehenestea aldarrikatu genuen planifikazioan, azpiegituretan eta baliabideetan, hori delako kalitatezko euskal hezkuntza-sistema berdintzailea lortzeko bide bakarra.
Deskargatu prensa adierazpena PDF formatuan.