Egapeko LH6 mailako ikasleek proposamenak egingo dizkiote Urnietako Udalari
2023-11-15
Urnietako Udalak parte hartze kultura errotu nahi du herritar guztien artean, baita herriko txikien artean ere. Duela bi urte arte, parte hartze prozesuak 16 urtetik gorako urnietarrei bideratuta egon ziren, baina azken bi ikasturteetan, estrainekoz, lanketa berezi bat burutu zen, besteak beste, Egapeko eta Magaleko lehen hezkuntzako seigarren mailako ikasleekin eta haien ekarpenak jaso ziren aurrekontu irekien parte hartze prozesuan.
Gutxienez 15.000 euro ikasleek gauzaturiko proposamenak egiteko
Oso esperientzia aberasgarria izan zen, eta, aurten, jarraipena eman zaio ekimen horri. Hala, parte hartze prozesuen funtzionamendua eta helburuak azaltzeko eta proposamenek balekoak izateko bete behar dituzten baldintzak zehazteko saio pedagogikoak burutu dira ikasleekin.
Orain, bigarren lan saio bat egingo dute LH6ko ikasleek, gela bakoitzak Udalari egingo dizkion proposamenak adosteko.
Aurrekontu irekien parte hartze prozesura bideraturiko 150.000 euroetatik gutxienez 15.000 euro erabiliko dira ikasleek gauzaturiko proposamenak egiteko.