EHIGE-ren diskurtsoa Euskal Eskola Publikoaren 28. Jaiaren hasiera-ekitaldian
2019-06-03
Mila esker agintari eta gonbidatu guztiei gaur gurekin egotea erabakitzeagatik, Euskal Eskola Publikoari babesa ematen.
Mila esker urtero Euskal Eskola Publikoaren Jaia egiten laguntzen diguzuen babesle eta laguntzaile guztiei.
Eta mila esker, bereziki, Errenteria eta Oarsoaldeako Hezkuntza Publikoaren komunitateari, urte osoan zehar egindako lanagatik. Zuok, bai, makina bat pertsona! Zuon esfortzuak merezi du eta merezi izango du; ondare ederra utzi duzue etorkizunerako.
Izan ere, Errenteriako irakaskuntza publikoak ederki islatzen ditu Euskal Eskola Publikoan dauzkagun balioak: dudarik gabe, gure eskola euskalduna da, parte-hartzailea, berritzailea, denona eta denontzat eta, ondorioz, gizarte osoari irekia.
Euskara batuak 50. urteurrena ospatu berri duen momento honetan, eta hemen egonik, Koldo Mitxelena ekarri nahi dugu gogora. Berak hasi zuen bideak gure Eskola Publikoan dirau.
Eta zein da gaur gure helburua? Guraso elkarteok 1994tik antolatzen dugun Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren helburua? Ba aldarrikatzea Eskola Publikoa Hezkuntza-Sistemaren ardatza dela. Urte guzti hauetan, 25 urte, Eskola Publikoa ezinbesteko elementua izan da Hezkuntza Sistema demokratizatzeko. Ezinbestekoa euskararen ezagutza zabaltzeko; ezinbestekoa beronen erabilera normalizatzeko, bereziki jatorriz euskara erabiltzen ez duten familien artean. Eskola Publikoak prestigio sozial handia lortu du, kohesioari lagundu dio, baita hezkuntza sistema ekitatiboagoa eraikitzen ere.
Gaur harro esan dezakegu Eskola Publikoa dela herritar guztiei ekitatea eta aukera berdintasuna bermatzen dien sare bakarra.
Azken hilabeteetan, askotan aritu gara Euskal Hezkuntza Legeari buruz. Abenduan, hainbat eragilek benetako prozesu parte-hartzailea eskatu genuen publikoki, zeren lege hori egiteko oinarritzat hartu nahi den “Hezkuntzaren aldeko akordioa” izeneko dokumentuak ez baitu adostasunik. Bestalde, aste honetan bertan amaitu da Lege horren aurreproiektua egin aurretiko kontsulta publikoa. Kontsulta horri ekarpen zabala egin diogu.
Lehenik eta behin, ez dugu arrazoirik ikusten Euskal Eskola Publikoaren Legea amortizatutzat emateko, egun indarrean dagoen lege horrek ba dituelako oraindik garatu ez diren potentzialtasun inportanteak, besteak beste, ikastetxe publikoen autonomia eta parte-hartzearen garapena.
Bestalde, uste dugu erreforma urgenteak egin behar direla gure hezkuntza sisteman, guk helburu dugun justizia sozialerako hezkuntza garatu ahal izateko. Izan ere, guretzat sistemaren modernizazioa eta hezkuntza-berrikuntza lotuta egon behar dira ikasle guztien hezkuntza-arrakastarekin.
Hainbat erronka ditugu esku artean: ikasle euskaldun eleanitzak lortu, fenomeno migratzaileak, krisi ekonomikoak eta pobrezia egoerak, genero berdintasuna, alfabetizazio digitala eta abar. Euskal Eskola Publikoak argi du zein den erronka hauei eman behar diegun erantzuna: gure herriak hezkuntza-sistema propioa eraiki behar du, eta sistema horrek ekitatea eta benetako giza-inklusioa bermatu behar du, aldi berean hezkuntza-bikaintasuna ziurtatuz.
Publiko-pribatu eredu dualak porrot egin du. Ez dio behar bezala erantzuten gure gizartearen erronka nagusiei. Segregatzailea da. Aldaketa sakona egiten ez badugu, euskal hezkuntza sistemak interes korporatibo eta desberdintasun sozialen erreproduzitzaile izaten jarraituko du.
Guzti horrengatik konpromiso soziala eskatzen diegu eragile eta partidu politikoei, guztion artean etorkizuneko gizarte proiektu berri bat eraikitzeko.
Epeei dagokienez, ez dugu bat egiten gobernuak, antza, duen presarekin. Benetan behar duguna ez da egungo sistema, egungo statu quo-a balioztatuko duen lege bat egitea, baizik eta behar den denbora guztia hartzea parte-hartze eta eztabaidaren bidez erabakitzeko zer nolako hezkuntza nahi duen gure herriak. Gure sistemak dituen desajuste estrukturalak kontuan hartuko ez dituen lege mozorrotzaile bat egin ordez, lehenetsi dezagun eztabaida sanoa. Alderdi politikoei, hezkuntza-eragile guztiei, gizarte osoari borondate ona eta konpromezua eskatzen dizuegu.
Eta amaitzeko, esan heldu zaidala agurra emateko unea. Lagunak! Mila esker urte guzti hauetan zehar eman didazuen guztiagatik! Ondo izan, segi aurrera, eta beti gora Euskal Eskola Publikoa!
Mila esker!