Elizalde ikastetxe publikorako patio inklusiboa eta hezitzailea
2023-10-25
IGEAk eta Oiartzungo Udalak abian jarri dute Elizaldeko Herri Eskola patioa birmoldatzeko proiektua.
Proiektua duela bost urte hasi zen, gurasoen elkartearen ekimenez. Ikastetxearen kanpoko espazioa ikastetxearen proiektu pedagogikoan sartu zen eta herriko haur guztiei txoko propioa eskainiko zien patioa sortu nahi izan zuten.
Zatika garatuko dute proiektua, udako hilabeteak aprobetxatu behar baitituzte aldaketak egiteko. Kantxa txikitu eta naturgunea indartu eta zabaldu dute bukatu berri duten lehen fasean. Berdegune berriak egin eta mendixka, zuloak eta bidexkak egin dituzte, txoko ezberdinak sortzeko. Enborrak jarri eta zuhaixkak landatu dituzte, itzalguneak eta espazio atsegina lortzeko. Egurrezko etxetxoekin herrixka bat eraiki eta mahaien eremua ere berritu dute. Gainera, txorientzat, intsektuentzat, tximeletentzat eta beste animalia batzuentzako bizitokiak jarriko dituzte ikasleek.
Futbola eta saskibaloiaz gain, beste kirol batzuk sustatzeko ekipamenduak jarri nahi dituzte kantxan. Beste eremuen arteko elkarbizitza eta segurtasuna hobetu eta ingurutik baloiaren beldurrik gabe pasatzea naturarekin eta jolasarekin lotutako elementuak jarriko dituzte (enborren eta sareen labirintoak, altuera ezberdinetako zutabeak…).
Gradak goxatzeko eta erabilera handitzeko aldaketa estrukturala egitea ere aurreikusi dute, altuera lausotu, naturgunearekin lotu eta aurrealdean jolas eremu librea egiteko. Dimentsio handiko obrak izango direnez, lortu daitezkeen dirulaguntzen baitan joango dira garatzen fase hauek.