Errenteriako Bizarain eta Koldo Mitxelena eskolek saria jaso dute eskola kirolean mugikortasun iraunkorraren aldeko apustua egiteagatik

2024-06-12

Ikasturtean zehar Eskola Kirolera joateko mugikortasun jasangarriko bitartekoak erabili dituzten ikastetxe eta ikasleak saritu zituzten ostiralean Bizarain Ikastolan egindako ekitaldi batean.

Eskola Kirolean, kirola, heziketa eta osasuna oso eduki garrantzitsuak dira. Hiru eduki horiek lotu nahian, duela urte batzuk Oarsoaldeko eskola kirolaren parte diren eragileek, haurrek larunbatetako jardueretara joateko erabiltzen zuten garraio moduan jarri zuten arreta. Saioetara joateko gehien erabiltzen zen desplazamendu modua nor bere autoan joatea zela nabarmendu zuten, hau da, haur bakoitza auto batean.

Kirola praktikatzera joateko ibilgailu bat hartu behar izatea, berez, inkoherentzia dela ikusita, naturarekiko ardura eta desplazamendu jasangarrien aldeko apustua egin zen. Horretarako 2013/2014 denboraldian desplazamendu jasangarriak erabiltzeko plana jarri zen martxan. Planaren helburua zen bakarkako autoaren erabilera murriztea. Bizikletan, oinez, garraio publikoan edo auto partekatuan gehiago desplazatzeko asmoz, hainbat ekimen jarri ziren martxan, hala nola, gurasoak desplazamendu jasangarriak egitera animatu, bizikletan desplazatzen ziren haurrak saritu eta abar.

 

Datu bilketa hori eskola kiroleko asteburu guztietako jardunaldietan egiten da geroztik, haur bakoitza nola desplazatu den jakiteko.

Proiektua martxan jarri zenetik kirol instalakuntzetara desplazatzeko modua aldatu egin da eta aipagarriena bizikletaren erabilera hazi izana da.

2023-2024 denboraldian berriz ere denon ahaleginari esker, haurrak larunbatero alde batera eta bestera txirrinduz desplazatzen ikustea normalizatu egin da.

Aurtengo ikasturtean 6500 desplazamendu berde izan dituzte (oinez, txirrindaz, garraio publikoan edo kotxea elkarbanatuz) eta desplazamendu guztien % 46,18a suposatzen du.

Aurtengo ikasturtean hauek izan dira datu onenak lortu dituzten haur eta ikastetxeak eta, ondorioz, ongi merezitako opariak jaso zituzten Bizarain ikastetxean ostiral arratsaldean egindako sari banaketan :

– Bizikletan desplazamendu gehien egin dituena Bizarain Ikastetxea izanik, bi bizikleta jaso zituen sari moduan.

– Desplazamendu jasangarri gehien egin dituen ikastetxea Koldo Mitxelena izanik, sari gisa bizikleta bat jaso zuen.

– Eskualdeko 11 ikastetxeetako 442 ikasle izan dira urtean zehar gutxienez desplazamendu bat bizikletaz egindakoak (iaz baino 42 gehiago) eta % 31,5 suposatzen du. Guztien artean bizikleta bat zozkatu da eta sariduna Lezo Herri Eskolako Danel Martin izan da.

– Amaitzeko, gutxienez behin txirrindaz desplazatutako 442 haur horietako bakoitzak bizikletarako opari bana jasoko du.