‘Errotu’ izango da Urduñan ospatuko dugun Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren 32. Leloa

2024-12-12

Gaur aurkeztu dugu prentsaurrean 2025eko ekainaren 1ean Urduñan (Bizkaia) egingo dugun Euskal Eskola Publikoaren 32. Jaia. Prentsaurrekoan parte hartu dute Eba Colomino eta Javi Ortegak (eskolako gurasoa eta guraso ohia), Uxue Mendibilek (Hezkuntza zinegotziak) eta Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzaileak. Bertan egon dira ere eskolako zuzendari, irakasle eta ikasleak eta Aiaraldeko eskola publikoetako IGE eta zuzendaritzen ordezkariak.

Euskal Eskola Publikoaren Jaia, eskola publikoa euskal hezkuntza-sistemaren ardatza izan dadin aldarrikatzea helburu duen eguna da eta urtero ospatzen da ekaineko aurreneko igandean 1994. urteaz geroztik.

Euskal Eskola Publikoaren komunitatea osatzen dugun milaka lagunen topagune izatearekin batera, eskola publikoa ahalduntzea du helburu egun honek. Honekin batera, bereak dituen ezaugarriak gizarteratzeko egun aproposa bihurtu da egun hau: publikoa den heinean denona eta denontzakoa, euskara eta euskal kultura sustatzailea, herrian txertatua, hezkuntza-komunitatearen parte-hartzean oinarritua eta berritzailea.

Ordiziaren lekukoa hartuta, indarrez dator Euskal Eskola Publikoaren 32. Jaia Urduñara.

 

LELOA ETA IRUDIA

Lurra, herria, eskola ERROTU da Euskal Eskola Publikoaren 32. Jaiaren leloa. Lelo honen bidez lurrean eta herrian txertatua dagoen hezkuntza-eredu publikoa aldarrikatu nahi dugu.

  • (LURRA) Elikadura erdigunean ipintzen duen eskola. Hainbat urteetako lanaren ondorioz, 2018-2019 ikasturtean martxan jarri zen Orduñako eskola-jantokiaren proiektu pilotua. Ordutik, erreferente izan dira elikadura burujabetzaren arloan Estatu mailan. Honekin batera, patioa eraberritu dute, herriko umeei espazio lagunkoi eta hezitzaile bat eskainiaz.

Bide honetatik jarraitzeko, eskolan sukaldea propioa izatea eskatzen dute, oraingoa eskola ondoan dagoen zaharren etxean dagoelako.

  • (HERRIA) Urduñako hiritarrek orain 30 urte herri-eskola sortzea lortu zuten, publikoa izango zen eskola batek soilik bermatu zezakeelako belaunaldi berrien euskalduntzea.

Eskola komunitate osoaren konplizitatea eta auto antolakuntzari esker hezkuntza proiektua etengabe hobetzen duena, umeak erdigunean izanik. Familiak, irakaslegoa, inguru hurbila, hiria.

  • (ESKOLA) Sistema publikoaren aldeko instituzioen apustu irmoaren beharra: baliabide berrituak eta inbertsioak beharrei erantzungo dieten baliabide eta zerbitzuak eskaintzea: azpiegitura egokiak, haurreskolerako ordutegi zabal eta malguak…

Xabat Agirrek egin du diseinua, kontzeptu horietan oinarrituta (lurra, herria, eskola, errotu). Joera-kolore beroak erabili ditu eta forma organikoak. Hala lurra zuhaitz baten bidez irudikatzen da, herria arrosa koloreko etxe baten bidez, eskola, liburuxka hori baten bidez eta jangelak, sagar baten bidez. Esfera batean barnebiltzen dira irudiak, lurra, mendiak eta zerua irudikatzen duten formekin batera.

URDUÑA HERRI ESKOLA

Urduña Herri Eskola Urduñan (Bizkaia) dagoen haur eta lehen hezkuntzako ikastetxea bakarra da. Haurraren mugimendu autonomoa eta esperimentazioa du oinarri eskolak eta eremuka lan egiten du, ebaluazio hezitzailea bermatuz eta hezkuntza-komunitatearen begirada aldaketa bateratua eraikitzeko.

Eskola espazio berri naturalizatu batean kokatzen da, ekosisteman murgilduta dago eta umearen garapen prozesuan bidelagun da. Lau ardatz nagusi ditu Urduñako Herri Eskolak: Euskara, espazioen birnaturalizazioa, denboren naturalizazioa eta plan digitala.

Euskara da eskolako ardatz nagusia da eta euskararekiko jarrera hobetzea eguneroko erronka. Aurrera egiteko familien partaidetza ezinbestekoa da, orain arte bezala. Jolastokia ikastokia da Urduña Herri Eskolan eta denboren naturalizazioa ere ezinbesteko ardatza da eskolan, ikasleen garapenarekiko errespetuzko begirada bultzatuz (mugimendu autonomoa, ordutegi malguak…). Teknologiaren erabilera arduratsua da plan digitalaren helburu nagusietako bat.

Urduñan haurreskola dago eta Zaraobe Institutua da Urduña Herri Eskolako ikasleak hartzen dituen ikastetxea. Amurrion kokatuta dagoen ikastetxea da, eta DBH, batxilergoa, prestakuntza-zikloak eta etengabeko prestakuntza eskaintzen ditu.

Sarean lan egiten duen eskola publikoa da Urduña Herri Eskola. Urduñako Eskolako ibilbide naturala diren haurreskola eta Zaraobe institutuaz gain, bailarako beste hainbat  ikastetxe publikoekin batera sarean aritzen da, Aiaraldeako hezkuntza sarearen baitan. Sare honen helburua bailaran kalitatezko hezkuntza publikoa eskaintzea da.

 

GUNEAK

Aurtengo Jaiak lau gune izango ditu, eta ohiko gune ibiltaria. Jaiaren gune izango dira Urduñako honako gune hauek: Foru plaza, museoaren plaza, Gernika plaza eta, jakina, eskola.

Ekintza ibiltariez gain, eta horrelako ekintzak aurreikusten dira: puzgarriak, tailerrak, musika, kalejirak, kale antzerkia, pailazoak…

Ekainaren 1ean, denok Urduñara!