Eskola-jantokien kontrola eta jarraipena egiteko kanpaina
2023-11-09
2023-2024 ikasturtearen hasieran jarri dira indarrean ikastetxe publikoetako jantokien kontratu berriak. Enpresek bete beharreko baldintzak alde bakarretik landu ditu Hezkuntza Sailak, familien parte-hartzerik gabe, alderdi interesatua izateaz gain, zerbitzuaren zati handienaren kostua finantzatzen dugunak izan arren (batez beste, % 60).
Enpresen aldaketek kexa eta kezka ugari sortu dituzte familien artean zerbitzuaren kalitateagatik. Egoera salatzeaz gain, lanean hasi gara, ikastetxeekin batera, enpresa esleipendunek bete behar dituzten baldintzen jarraipen- eta kontrol-mekanismoak abian jarriz, bete daitezen eta Hezkuntza Sailari zerbitzu horrek behar dituen aldaketak eta hobekuntzak exijitzeko.
Zehazki, bi jarduera jarri ditugu martxan:
- Epe laburrera: ikastetxeetako gorabeherak jasotzea hilabetez.
- Epe luzera: pleguak betetzen direla kontrolatzeko lantalde bat.
Gogoratu behar da ikastetxe publikoetan jantoki-batzordeari dagokiola, jantokiko arduradunaren bitartez, zerbitzua kontrolatzea, ebaluatzea eta ikastetxeko OOGri beharrezko hobekuntzak proposatzea.
Kontrol eta jarraipen lan hau egiteko, esteka honetan aurki ditzakezuen materialak prestatu ditugu: https://www.ehige.eus/eu/eskola-jantokiak /
- Jantoki-batzordeei buruzko informazio-triptiko bat. Informazio hau ematen du: nola sortzen den, nortzuk osatzen dituzten eta zer eginkizun dituzten.
- Enpresa esleipendunen zerrenda, lurraldeen eta kudeaketa-ereduen arabera (garraiatua, in situ, mistoa).
- Kontratazio-pleguen bi laburpen: bata, garraiatutako janariarena, eta bestea, in situ-rena.
Kanpaina hau Euskal Eskola Publikoaren kalitatea hobetzeko hezkuntza-komunitatearen parte-hartzea sustatzeko gure helburu estrategikoaren barruan kokatzen da. Era berean, eskola-elikadura osasungarriagoa, justuagoa eta iraunkorragoa lortu nahi dugu.