Eskolako menuaren balorazioa Mujika eskolan

2024-11-22

2023-2024 ikasturtean Mujika Eskolan catering enpresa aldatu ondoren, jantoki-batzordea ikasleen eta familien janariaren kalitateari buruzko kexak jasotzen hasi zen. Familiek balorazio esanguratsua egiteko zailtasunak zituztenez, balorazioa ikasleek eta jantokiko begiraleek egitea erabaki zuen jantokiko batzordeak.

Astebetez, Lehen Hezkuntzako ikasle guztiek eta jantokiko begiraleek menuko plater bakoitza eta postrea baloratu zituzten inkesta sinple baten bidez. Ikasleek taula bat bete zuten, tutoreek koordinatuta; eta begiraleek, berriz, online inkesta zehatzago bat. Bertan, zaporeari, kantitateari, itxurari, testurari eta gatzari buruzko galderak bete zituzten.

Hurrengo ondorioak azpimarra ditzakegu:

  • Ikasleen eta begiraleen balorazioak oso antzekoak izan ziren, eta, beraz, ikasleek adierazten dituzten iritziak eta kexak bat datoz plateren errealitatearekin. Balorazio-tresna hori, beraz, baliozkotzat jotzen da, eta erregulartasunez erabili beharko litzateke.
  • Oro har, plater askok ez zuten balorazio positiborik jaso, eta okerren baloratutako platerak bigarrenak izan ziren, batez ere. Lehen plateretako batzuk ez zuten nota onik atera, testuragatik eta gatz gehiegi zeukatelako. Bigarren plater batzuetan, gainera, kantitatea ez zen nahikoa.
  • Haurrek normalean ondo baloratzen dituzten platerak ez zuten balorazio ona lortu inkestan. Besteak veste, itxura, zaporea edo testura ez zirelako egokiak.
  • Fruta batzuetan ez da egoera onean egon.
  • Gainera, Mujika Eskolak ikasle bekadun asko dituenez, eta horietako askorentzat jantokiko bazkaria eguneko otordu nagusia denez, zerbitzu duina eta kalitatezkoa eskatzen dugu.

Esperientzia honen ondoren, laster, BIGE, EHIGE eta beste jantoki batzordeen laguntzarekin, ekintza hau ikastetxe gehiagotara zabaldu ahal izatea espero dugu. Horrela, informazio baliagarria izango dugu eta ikastetxe gehiagoren babesa lortu ahal izango dugu, gure seme-alabei kalitatezko janari duina eskaintzeko ardura duten eragileei gure eskaria helarazi ahal izateko.

Informazio gehiago nahi baduzue jarri harremanetan gurekin: bige@bige.eus / 944169360