Euskal Eskola Publikoaren 28. Jaiaren abestia eta bideoklipa aurkeztu ditugu

2019-04-30

Ekainaren 2an Errenterian ospatuko dugun Euskal Eskola Publikoaren 28. Jaiaren abestia eta bideoklipa aukeztu dugu gaur Donostiko Koldo Mitxelena Kulturagunean. “Makina bat taupada” lelopean ospatuko da jaia eta aurkezpen ekitaldian Maialen Oliveri (Errenteriako Koldo Mitxelena eskolako ama), Lurdes Imaz (EHIGEko koordinatzailea), Oneka Oliveri (abestia aurkeztu du) eta Gotzon Santaolaya (bideklipa aurkeztu du) izan dira.

Makina” hitza Errenteriak duen historia industriala irudikatzen du (”Manchester txikia” deitzen zioten) eta hitzekin jolastuz baita Euskal Eskola Publikoan ari garen milaka pertsonak ere. Industriaren ideia engranajeen bidez islatzen dugu, era berean gure hezkuntza-ereduaren zeinu identifikagarriak diren elkartasuna, bizikidetza eta inklusioa irudikatuz. Hauxe aurtengo kantuaren letra:

Euskal Eskola Publikoak

Errenterian bota du aingura,

denontzat zabalik dago

Euskal Herritik mundura.

Hezkuntza aukera paregabea

etorkizunez dago betea,

zu eta ni engranajea

jar dezagun martxan katea!

Makina bat taupadek

ematen diote bizia,

Euskal Eskola Publikoa

gure geroaren hazia.

Gure herriko kaleetako

argazki baten tankeran,

jatorri eta izaera ugaritako

lagunak gaude ikasgelan.

Euskalduna eta anitza

horrelakoa bait da bizitza,

hezkuntza gizartearen giltza

entzun dezatela gure hitza!

Makina bat taupadek

ematen diote bizia,

Euskal Eskola Publikoa

gure geroaren hazia.

Elkarlanean bagoaz aurrera

denek izan dezagun aukera bera.

Zu ere gurekin batzen al zera?

bultza dezagun denok batera!

Ekainaren bian dugu zita

prestatu eta zatoz , “ti-ta”!

Errenterian bizi gara eta

egin zaiguzu bisita!”