Euskal Eskola Publikoaren 32. Jaiaren abestia eta bideoklipa aurkeztu ditugu

2025-04-11

Gaur aurkeztu ditugu prentsaurrean 2025ko ekainaren 1ean Urduñan (Bizkaia) ospatuko dugun Euskal Eskola Publikoaren 32. Jaiaren abestia eta bideoklipa. Prentsaurrekoa EITBren egoitzan egin da. Aurkezpenean parte hartu dute Eriz Pérez Egiluz abestiaren sortzaileak, Aitziber Zubiaur musika irakasleak, Urduña Herri Eskolako ikasle eta irakasleak, Nerea Zendoia MAKUSIren arduradunak eta Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzaileak.

“ERROTU” ABESTIA ETA BIDEOKLIPA

Urduña Herri Eskolako guraso eta irakasleen artean musikari eta artista ugari dago, baita ikasleen artean ere. Musikagintzaren esparru ezberdinetako profesionalak daudenez eskolan, aurtego Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren lemari men egin eta abestiaren sorkuntza prozesua Urduñan zein eskolan errotu da.

Euskarazko hezkuntza publikoaren aldeko borroka luze baten ondoren lortu zen eskola publikoa Urduñan eta prozesu hori omendu nahi izan dute abesti eta bideokliparen bidez.