Abian da Euskal Eskola Publikoaz Harro! kanpaina

2019-12-10

Vitoria-Gasteizko Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak Euskal Eskola Publikoaz Harro! kanpaina aurkeztu du. Haren barruan hainbat ekimen eta mobilizazio garatuko dira ikasturte osoan zehar eta haien artean EHIGEk sinatu duen manifestua nabarmendu behar da, ikastetxe eta guraso elkarte guztien atxikimendua bilatuko duena hain zuzen ere.

Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak adierazi duenez, Hezkuntza Sailak sare publikoarekiko erakusten duen utzikeriaren aurrean, gobernuak onartu nahi duen Hezkuntza Lege berriaren asmoaren atarian, eta Administrazioak hezkuntza arloan aspaldi hartu duen pribatizaziorako joeraz jakitun, Euskal Eskola Publikoaren aldeko aldarrikapena egitea da plataformaren helburua.

Kanpaina,  Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformatik sortu bada ere, bakoitzak berea ere egitea nahi dute plataformakideek eta irakasle, ikasle edota familia guztiei zabaltzea eskatzen dute. Jasotako atxikimendu guztiekin, prentsaurreko anitz bat emanez eta mobilizazio erraldoi batekin bukatuko dute kanpaina hau.

Informazio guztia ondoko estekan aurkituko duzue:

http://www.plataformaeskolapublikoa.eus