Euskal Eskola Publikoaz Harro! kanpainaren bideoa aurkeztu dugu
2020-06-17
Joan zen abenduan, EAE mailako Eskola Publikoaren aldeko eragile askok abian jarri genuen Euskal Eskola Publikoaz Harro kanpaina. Gaur Euskal Eskola Publikoaren hezkuntza komunitateari eskerrak emateko bideoa aurkeztu dugu.
Kanpainaren helburua da Euskal Eskola Publikoaren garrantzia aldarrikatzea, euskal erakundeek sare publikoaren defentsan agertzen duten utzikeriari eta hezkuntza sistema pribatizatzeko joera etengabeari aurre egiteko. Eskerrak eman nahi dizkiogu Euskal Eskola Publikoko hezkuntza komunitate osoari, eta bertako parte izateak harro sentiarazten gaituela adierazi nahi dugu.
COVID-19aren pandemia iritsi arte, 140 ikastetxek bat egin dute ‘Euskal Eskola Publikoaz Harro’ kanpainaren manifestuarekin, eta zuen hezkuntza komunitateen argazkiak bidali dizkiguzue kanpainaren logoarekin.
Atxikimendu eta argazki horietako bakoitza bultzada bat izan da EAEn Euskal Eskola Publikoaz harro dagoen hezkuntza komunitate bat egituratzen hasteko, ordezkari politikoei sare publikoa hezkuntza sistemaren erdigunean kokatzea eskatuko dion hezkuntza komunitate bat osatzeari ekiteko.
Jakitun gara COVID-19aren pandemiak ikaragarrizko ziurgabetasuna sortu duela ikastetxeetan eta lan ikaragarria egiten ari zaretela ikasle guztiei kalitatezko hezkuntza eskaintzen jarraitzeko. Hori dela eta, ‘Euskal Eskola Publikoaz Harro’ kanpainaren bideoaren bitartez, ikasturtea amaitu baino lehen guk zuei adierazi nahi dizuegu zuek egunero Euskal Eskola Publikoarekiko adierazten duzuen konpromisoa.
Bideoa zuen ikastetxeko hezkuntza komunitate osoari zabaltzera gonbidatu nahi zaituztegu, datorren ikasturtean indarberrituta itzultzeko motorra izan dadin.
Sinatzaileak:
-Gasteiz, Oion, Bilbo, Santurtzi, Astigarraga, Lasarte-Oria, Ordizia, Zarautz eta Oarsoaldeako eskola publikoaren aldeko plataformak.
– Goieskola
– EHIGE (guraso elkarteen konfederazioa)
– HEIZE (Sarean, BIHE) Zuzendaritza elkarteen federazioa
– Ernai
– Ikasle Sindikatua