Euskalgintzaren Kontseiluak hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun sozialen dokumentua onartu du

2021-04-20

Euskalgintzaren Kontseiluak Ohiko Batzar Nagusia egin du Bilbon eta EHIGEk parte hartu du. Urteroko aztergaiez gain, Hizkuntza-Politiketan Eragiteko Adostasun Sozialen dokumentuaren lanketak hartu du bileraren tarterik handiena.

2020ko abenduan iragarri zuen Kontseiluak Donostian hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun sozialak lortzeko dokumentua jorratuko zuela. «Hizkuntza-politiketan adostasun sozial eta politikoak eraikitzeko eta konpromisoak hartzeko ordua heldu dela adierazi genuen abenduan, eta horretarako oinarrizko proposamena jarriko genuela mahai-gainean», adierazi du Paul Bilbaok, Kontseiluaren idazkari nagusiak.

Batzar Orokorrak dokumentu berria aho batez onartuta, Kontseiluak berriz ere joko du eragileengana proposamen berria aurkezteko. «Askotariko eragileekin biltzeko asmoa dugu, guztion artean jorratutako proposamenaren ardatzak partekatu eta haiek ere bat egin dezatela eskatzeko. Izan ere, honen guztiaren azken helburua guztion artean hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun ahalik eta handienak lortzea izango da», adierazi du Bilbaok.

Halaber, Kontseiluak aurreratu du ekainaren 19an ekitaldia antolatuko dutela adostasunen lehen argazkia erakusteko.