Euskararen erakaskuntzak bilakera positiboa izan du Ipar Euskal Herrian azken 20 urteetan

2025-03-12

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP), frantziar Hezkuntza Ministerioarekin batera, 2004tik 2024rako epean euskarazko irakaskuntzak Ipar Euskal Herrian izandako bilakaeraren berri eman du.

Aintzinamendu haundiena lehen mailan izan da: eskola publikoetan  51 sail elebidun berri ireki dira, horietatik 44 gune berrietan eta 7, berriz, aitzinetik baziren zikloei jarraipena emateko. Ondorioz, irakaskuntza elebiduna eskaintzen duten eskola publikoen proportzioa %34tik %66ra emendatu da bi hamarkadetan.

Publikoko, pribatuko eta Seaskako murgiltze sareak kontuan harturik, lehen mailan euskarazko irakaskuntza eskaintzen duten ikastetxeen proportzioa %42tik %71ra emendatu da 2004tik 2024ra bitartean.

2024an, lehen aldiz, lehen mailako gela elebidunen proportzioak %50eko langa gainditu du, elebidunak elebakarrak baino gehiago izan direlarik.

Kolegio eta lizeoetan hazkundea ere nabarmena da

Bigarren hezkuntzan, 13 sail elebidun berri ireki dira kolegioetan (publikoan 6, pribatuan 5 eta Seaskan 2). Ondorioz, 41 kolegiotatik 32k eskaintzen dute irakaskuntza elebiduna (%78). Lizeoetan, berriz, 5 sail berri ireki dira (publikoan 4 eta pribatuan 1), eta egun 15 lizeotatik 12k dute euskarazko eskaintza (%80).

Murgiltze eredua zabaltzen

2024an, 6 eskola berri hasi dira murgiltze eredua eskaintzen: 3 eskola publiko eta 3 pribatu. Gainera, azken 20 urteetan, 32 eskola publiko eta 11 eskola pribatu katolikok ere murgiltze eredua hartu dute.

Bilakera eskola publikoan

Eskola publikoetan euskara-frantsesa erakaskuntza elebiduna 1983an hasi zen Sarako eskolan, beraz, 40. urtemuga iaz ospatu zen.

40 urte ondoren lehen hezkuntzan 100 eskola publikoek erakaskuntza elebiduna eskaintzen dute, haien artean 31ak murgiltzea ama-eskolan egiten dute.

Bigarren mailan 16 kolegio eta 6 lizeoetan sail elebiduna dago.