Euskararen irakaskuntza egonkortu egingo da Iparraldeko sare publikoan

2021-04-12

Frantziako Asanbleak Eskualdeko Hizkuntzen Ondarea Babesteari eta Sustatzeari buruzko Legea onartu du, Paul Molac Bretainiako diputatuak sustatutako araua. Legea aldeko 247 botorekin onetsi dute, gobernuaren borondatearen kontra. Lege honen eraginez, hizkuntza gutxituen irakaskuntzari esparru finkoagoa emango zaie Iparraldean. Ikastetxeen finantzazioan ere eragina izango du legeak.

1951etik ez zen legerik bozkatu eskualdeko hizkuntzak babesteko hezkuntza kodean integratuta. Murgiltze eredua legalki onartu denez sare publikoan, orain errazagoa izango da gela berriak irekitzea.

Besteak beste, irakaskuntza arloko hiru azpimagarri neurri ekarriko ditu legeak

  • Murgiltze ereduaren finkatzea, eta hizkuntza gutxituen irakaskuntzaren eskaintza orokortzea. Orain arte, hizkuntza gutxituen irakaskuntzari dagokionez, bi aukera baino ez zeuden Iparraldeko sare publikoan: hizkuntza eta kultura gutxituaren irakaskuntza ikasgai modura ematea eta sail elebiduna ezartzea. Legeak hirugarren bide bat zabalduko luke ofizialki: murgiltze eredua. Aukera horrekin, ikastetxe publikoak ere murgiltze eredua proposatzen hasten ahalko lirateke. Egun, murgiltzetik hurbil, irakaskuntza osoki euskaraz eskaintzeko aukera dute publikoko haur eskoletan, esperimentazioaren bidez. Horrelako hemeretzi proiektu daude Ipar Euskal Herriko eskola publikoetan, baina esperimentazioaren esparruak bere mugak erakutsi ditu azken urteetan.
  • Bigarren neurria hizkuntza gutxituetan irakasten duten eskola pribatuen finantzazioari eragiten dio, izan ere, hizkuntza gutxituetan irakasten duten eskola pribatuen finantzazioa indartuko du. Eskola elebakarrak dituzten herrietan, bertako haurrak inguruko herri bateko ikastetxe batera joan behar badira, ikastetxe horiek diruztatu beharko dituzte udalek.
  • Hirugarren neurriak ikastetxe publikoetan hizkuntza gutxituen irakaskuntzaren eskaintza orokortzea dakar. Ipar Euskal Herriko ikastetxe publiko guztietan izan beharko dute euskarazko irakaskuntza eskaintza.

Horrez gain, beste arlo batzuetako neurriak ere jasotzen ditu legean, seinaletika publiko elebidunaren arautzea eta estatu zibileko dokumentuetan ñ-a bezalako zeinu diakritikoak idazteko aukera.