Euskarazko 5,5 irakasle postu gehiago egongo dira Iparraldeko eskola publikoetan

2022-03-07

Datorren ikasturtean euskarazko irakaskuntzarako 5,5 irakasle postu gehiago egongo dira Ipar Euskal Herriko eskola publikoetan, François-Xavier Pestel Pirinio Atlantikoetako akademia ikuskariak jakinarazi duenez.

Postu batzuk hizkuntz orekatzeari dagozkio. Hala, Baionako Malegarie eskolan frantseseko postu erdi bat itxi, eta euskarako erdi bat irekiko dute. Donibane Garaziko eta Urruñako Olheta auzoko eskoletan, berriz, frantseseko lanpostu bana kendu eta euskarako bana irekiko dute. Lapurdiko hamar eskola publikotan euskaraz postu erdia irekiko dute. Beste eskoletan, ikasle kopuruari eta ikasleen eskaerei lotutako aldaketak ezarriko dira.

Euskarazko irakaskuntza Ipar Euskal Herrian izaten ari den bilakaeraren erakusgarri dira aldaketa horiek, urtez urte euskaraz ikasi nahi duten ikasleen kopurua gora egiten ari baita pixkanaka. Hala ere, gaur egun oraindik, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikasleen hiru laurdenek ez dute harremanik euskararekin.