Eusko Jaurlaritzak uko egin dio 0-3 plaza publikoak sortzeko 11 milioi eurotako diru-laguntzari
2023-04-01
Lehendakariak onartu du Eusko Legebiltzarrean Eusko Jaurlaritza 0-3 urteko haur hezkuntzako lehen zikloan plaza publikoak sortzeko laguntzen deialditik kanpo geratu dela, argudiatuz EAEn badirela nahikoa plaza publiko ziklo honetako beharrei egoki erantzuteko.
Onartu du, halaber, laguntzek helburu finalista bat zutela eta helburu horretarako erabili behar zirela, hau da, plaza publikoak sortzeko, baina, hala ere, Espainiako Gobernuari eskatu ziotela beste helburu batzuetarako erabiltzea. Bistan denez, erantzuna negatiboa izan da, eta 11 milioi euro galdu dira 3 urteko epean 1.518 plaza publiko sortzeko 0-3 urteko haur hezkuntzako lehen zikloan.
2022ko irailean, 2022-2023 ikasturterako titulartasun pribatuko haur-hezkuntzako lehen zikloko eskoletarako 25.095.000 €-ko diru-laguntzen deialdia onartu zuen Gobernu Kontseiluak, ikastetxe pribatuak mantentzen laguntzeko, familia erabiltzaileen kuotak murrizteko eta dagoen eskaintza finkatzeko.
Zergatik inbertitu milioika euro aurrekontu orokorretik, Gobernuak Europako funtsetatik datorren finantzazioa eskura badezake?
Agian, plaza publikoen eskaintza handitzeak sektore pribatuaren finantzazioa ez justifikatzea ekarriko duelako.
EHIGEri argi geratzen zaio Gobernu honek ez dituela laguntza hauek ezarritako baldintzetan kudeatu, bere helburua ikastetxe pribatuen eskaintza sendotzea eta eustea delako, plaza publikoen gehikuntza progresiboa sustatu beharrean, oinarrizko araudiak ezartzen duenari jarraituz.
Aukera paregabea galdu du Eusko Jaurlaritzak eskola publikoaren perimetroa handitzearen aldeko konpromisoa egiaztatzeko. Tamalez, Gobernu honen hezkuntza-politika beste alde batetik doa.