“Ez da euskal eskola publikoak behar duena, bera sendotu ordez ahuldu egiten baitu”
2023-05-31
Ikasturte honen hasieran, Hezkuntza Legearen Aurreproiektua ezagutzera eman zenean, euskal eskola publikoaren aldeko milaka lagunek Bilboko kaleetan barrena adierazi genuen gure desadostasuna. Orain ikasturte amaieran gaudela, Eusko Jaurlaritzak onartu eta Legebiltzarrean aurkeztu berri duen Lege Aurreproiektu honi ere gure ezezkoa erakutsi nahi diogu berriro, aurrekoaren ildo berekoa baita. Izan ere, ez da euskal eskola publikoak behar duena, bera sendotu ordez ahuldu egiten baitu.
EEPH Topagunea osatzen dugun eragileok arrazoi ugari dauzkagu Euskal Eskola Publikoaren alde egoteko.
Eskola publikoa mundu guztiaren hezkuntza eskubidea bermatzen duen sare bakarra da. Hezkuntza eskubidea ikasle guztiek arrakastaz ikasteko eskubidea da, edozein direla ere haien jatorri edo baldintza sozioekonomikoak, kulturalak edo pertsonalak; unibertsala da. Hezkuntza publikoak aukera berdintasuna bermatzen die ikasle guztiei, eta gizarte egoera desorekatuen orekatzaile da.
Gizarte osoa hartzen du bere baitan eta aniztasuna du ikur, bere izaeraz inklusiboa baita, integratzailea. Horrela bakarrik berma daiteke etorkizuneko herritarrek gizarte kohesionatu bat osatzea.
Halaber, eskola publikoa eskola laikoa da. Bertan tokia dute ikasle guztiek, eta norbere sinesmen erlijiosoa, hizkuntza, etnia edo kultura gorabehera, eskola guztien etxea da.Tolerantzia bermatzen du eta modu positiboan errespetatzen ditu aukera ideologiko, politiko eta moral anitzak. Hortaz, herritar kritikoak hezten ditu, euren kabuz pentsatzeko eta erabakitzeko gai izango direnak.
Euskal eskola publikoak euskara du ardatz, gure artean elementu bateratzaile Nagusia baita. Hain zuzen ere, azken hamarkadetan euskal eskola publikoa izan da, ikasle gehien euskaldundu dituen hezkuntza sarea. Eta gaur egun funtsezko eragile bilakatu da euskalduntze prozesuan.
Kalitatezko hezkuntza aukera bat da ikasle ororentzat. Norbanakoen beharrei erantzuten saiatzeaz gain, bere ikasgelak ikasle bikain ugariren harrobi dira.
Eta horrez gain, gertuko eskola da, Km 0-koa, orokorrean garraio beharrik ez duena.
Labur esanda, euskal eskola publikoa unibertsala, inklusiboa, orekatzailea, anitza, laikoa, euskalduna, kalitatezkoa, hurbila eta doakoa da. Eskola publikoa denona eta denontzat da. Denona da, hura osatzen dugun langileok, ikasleok eta familiok elkarlanean lan egiten dugulako bertan, eta denontzat da, ateak zabalik dauzkalako edozeinentzat.
Behin hau esanda, Hezkuntza Legearen inguruko eztabaida laster Legebiltzarrean hastera doan egunotan, Lege Aurreproiektu honi gure ezezkoa adierazi nahi diogu, besteak beste, ondoko arrazoiengatik.
Lehenik eta behin, Lege honek ez du eskola publikoa hezkuntza sistemaren muinean kokatzen. Izan ere, Publiko-pribatu sistema duala betikotu nahi du, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publiko asmatu berri baten bidez. Egitura honek ez du oinarri juridikorik eta Europan guztiz ezohikoa da. Sare pribatua eta publikoa berdindu egiten ditu, gauza bera bailiran. Baina denok dakigu bai helburuz, baita baldintzez ere biak guztiz desberdinak direla.
Ez du eskola publikoa lehenesten, itunpeko ikastetxeei aro luze baterako etorkizuna zein finantzaketa bermatzen dien bitartean. Eskola publikoak, aldiz, plangintza estrategiko bat behar du, auzo zein herri guztietara hedatzeko, azpiegitura egokiz eta nahiko baliabidez hornitua izateko, hezkuntza sistemaren erreferentziazko sare nagusi bihurtu dadin.
Ikastetxe guztiak, publikoak barne, merkatuaren logikan sartzen ditu enpresa gisa, programa-kontratuen bidez. Ikastetxe guztien arteko lehiakortasun lasterketa zoroa sustatzen du. Ikastetxe guztiak abiapuntu eta baldintza berdinetan ez daudenez, publikoaren kaltekoa da lehia hau.
 Ez du umeen euskalduntzea bermatzen, ez baitu zehazten nola, ezta zein baliabidez, lortuko diren ezarritako helburuak.
Hezkuntza sistemak duen segregazio arazo larriari aurre egiteko proposatzen dituen neurri artifizialak alferrikakoak dira, ez baitu arazoaren sustraira jotzen.
Ez du hezkuntza benetan laikoaren alde egiten, ez baitu zehaztapen argirik jasotzen.
Hau guztiagatik, argi eta garbi adierazi nahi dugu gure desadostasuna, eta azpimarratu nahi dugu onartu nahi duten Hezkuntza Legeak ez duela akordio sozialik. Guk bestelako hezkuntza sistema bat nahi dugu, eskola publikoa benetan erdigunean jarriko duena, gizarte kohesioa bultzatuko duen berdintasunezko hezkuntza euskalduna lortzeko bidean.
Hori dela eta, euskal eskola publikoaren aldeko aldarriz beteko ditugu kaleak berriro, joan den azaroan Bilbon egin bezala. Hitzordua ekainaren 9an izango da, Erkidegokohiru hiriburuetan.
Manifestazioak arratsaldeko 18:00etan abiatuko dira:
Bilbon, Plaza Eliptikotik
Gasteizen, Plaza Berritik
Donostian, Bulebarretik
 Gizarte osoari dei egin nahi diogu mobilizazioetan parte hartzera:
Ekainaren 9an, denok kalera!
 EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAZ HARRO TOPAGUNEA
Gasteizko, Oiongo, Bilboko, Santurtziko, Oarsoaldeako, Donostialdeko, Lasarte- Oriako, Aiztondoko eta Urola Kostaldeko plataformak; Ordiziako Euskal EskolaPublikoko Komunitateak, Amurrioko Hezkuntza Publikoaren Sarea, Tolosako Samaniego-Orixe Ikastetxeak eta Debagoieneko Goieskola; EHIGE, HEIZE, IkasleSindikatua, Ikasle Ekintza, Gazte Komunistak, STEILAS, CCOO Irakaskuntza, ESK.