Familiok erantzunak eskatzen dizkiogu Hezkuntza Sailari

2020-04-21

Bost asteko konfinamenduaren ondoren, ez-ohiko hezkuntza-jarduerara bueltatzea tokatu zaigu. Oraindik ez dakigu ikasturtea etxean edo ikastetxeetan amaituko dugun, baina zehaztapenak behar ditugu urgenteki familiak arduratzen dituzten hainbat alorretan.

Hauek dira gure ustez lehen bait lehen argitu behar diren kontuak eta halaxe eskatu diogu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari:

Curriculumaren birformulazioa eta doikuntza. Ikasturte honen lehen bi hiru hilabeteak normaltasunez eman diren arren, hiru hilabete honetan ez dago berme nahikorik ikasle guztiek modu homogeneoan aurrera egiteko. Horregatik, etapa bakoitzeko oinarrizko konpetentziak zehaztu behar ditu Hezkuntza sailak, jarraibide zehatzak eman ikastetxeei eta familiak informatu.

Aurreko puntuarekin bat etorriz, egungo egoerara egokitutako ebaluazioa behar dugu. Errepikapenak salbuespena izaten jarraitu behar du eta tratamendu espezifikoa behar du etapa amaierako ikaslegoak. Ezinbestekoa da ikasle bakoitzaren txosten zehatza egitea, datorren ikasturtean beharko dituen errefortzuak ondo planifikatzeko.

Ez da baztertu behar udan ikastetxeetan giza-hezkuntza arloko esku-hartzea egiteko aukera, Hezkuntza saila eta beste instituzio publikoen artean koordinatuta.

Datorren ikasturterako plan adostua behar dugu eskola publikoko eragileekin. Horretarako lan-talde bat eratzea eskatu dugu, goian aipatutakoez gain, beste gai hauei ere heltzeko: ikasleen itzulera segurua ikastetxeetara, ikasleak lortu ez dituzten konpetentziak errekuperatzeko plana, eskola publikorako digitalizazio plana eta datorren ikasturtearen planifikazioa.