Fleming herri eskolak “Etorkizun Oparoko Gazteak Saria” jaso du First Lego League 2024an

2024-03-19

Aurten ere Villabonako Fleming herri eskolako ikasleek parte hartu dute joan den astean Arrasaten egin zen First Lego Leaguean. Denboraldi honetan, 2023-24 denboraldian, STEAM adarrak arteetan betetzen duen zereginean aritu dira lanean, aukera askoko mundua diseinatu eta eraikiz. Oraingo honetan, Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetako ikasleek hartu dute parte, guztira 6 taldek beren proiektuekin.

Eskolan lan handia egin dute: alde batetik gaiaren inguruko lanketa (proiektua aukeratu, landu, adostu…); bestetik alderdi teknologikoa (robotak sortu, programatu,…); eta azkenik txapelketarako aurkezpena prestatu (antolatu, landu, entsaiatu,…). Lanketa handia suposatzen du, baina baita ikaskuntza handia ere. Ikaskuntza multidisziplinarra, alderdi ugari bere baitan hartzen dituena. Gainera bereziki talde lana sustatzeko esperientzi paregabea da. Taldean adostu behar da ze proiektu egin, proiektu hori gauzatu eta aurrera atera denen artean. Bidean oztopoak elkarrekin gainditu eta aurkezpenean elkar lagundu. Guztien artean proiektua aurrera atera eta defendatu behar da, ardura guztiona delarik. Beraz indarrak batu behar dira, elkarri lagunduz eta elkarlanean arituz, taldea eginez alegia.

Eta helburu nagusia esperientzia horretaz gozatzea eta ikastea bada ere, ikastetxetik onartzen dute berriro ere “ETORKIZUN OPAROKO GAZTEAK SARIA” jaso dutela.

Aurten ere “Euskal Eskola Publikoaz Harro” kamisetekin joan dira ekitaldian, “txapelketako eskola publiko bakarretakoa garela aldarrikatu nahi dugulako, eta gure baloreak zeintzuk diren adierazi nahi ditugulako!!