“Geroa Pasaka”, Fleming eskolaren 50. urteurreneko abesti berria

2020-05-26

Koronabirusa izan arren, Fleming Herri Eskolak ez du bere 50. urteurrena ahaztu eta eskolatik, herriko hainbat artista zein musikarirekin  “50 urte geroa pasaka” abestia sortu dute. Eskolako ikasle ohiak diren Inaki Lizasok (Bihozkada) eta Yerai Gasconek (Habi) elkarlanean idatzi dute abestia, baina  beste hainbat artisten laguntza jaso izan dute; hala nola, Oihana Iguaran  (letra eta ahotsa), DZ Zigor Lampre (musika), Jon Ander Artola (bateria), Javi Rivero (baxua) eta Gorka Lizaso (ahotsa eta gitarra). Abestia Elkar estudioan grabatua izan da eta ahotsetan zenbait ikasleren laguntza ere izan dutela aipatzekoa da.

Eskolaren asmoa, Koronabirusaren krisia amaitzean bideoklipa grabatzea da. “Eguna jarria dago, baina ez gaude ziur data hori mantentzeko aukera izango dugun. Hori horrela, egoera lasaitzen denean bideoklipa grabatzeko eguna eta ordua zabalduko dugu. Aldez aurretik, adierazi nahi dugu eskola komunitate osoa eta herritar oro gonbidatu nahi dugula grabaketan parte-hartzea; irakasleak, ikasle ohiak, haurrak, gurasoak, herritarrak, kuadrilak… Herri eskola garenez ekimen herritarra eta irekia izatea nahi dugu”.

Hala ere, eskolak, bizitako egoera samurragoa egiteko eta etxean denbora igarotzeko, bideoklipa prestatzen joateko baliabide batzuk eskaini nahi izan ditu; batetik, abestia bera (making off edota musika bakarrik) eta honen letra duzue etxean ikasten joan zaitezten. Bestetik, bideoklipa grabatzeko garaian errepiketan egin beharreko koreografia duzue iada praktikatzen joateko. Koreografia, Eneritz Ugartemendiak (ikasle ohia, eskolako irakasle eta Oinkariko kidea) eta Oier Labordek (ikasle ohia eta Aukeran konpainiako dantzaria) sortu dute.