Hamaiketako osasungarriak Barakaldoko Alkartu Ikastolan
2024-11-07
Aspalditik ari da Barakaldoko Alkartu Ikastolako IGEa naturarekin eta elikadurarekin lotutako hainbat proiekturen inguruan lanean. Joan den ikasturtean hiri-baratze proiektua hasi zuten, baina ikastetxean egindako obrek eragotzi egin diete ikasturte honetan jarraitzea. Hala ere, elikadura osasungarriaren gaia lantzen jarraitzeko, ikasturte honetan elikadura proiektu bat jarri dute martxan eskolan, “hamaiketako osasungarriak”.
Horretarako, “Bizi granel, Bizi slow” dendaren laguntza dute. Sonia arduratzen da Alkartuko haurrei fruta eta barazki barietate handia erakusteaz, hamaiketako alai eta dibertigarria prestatuz.
Lehenengo hamaiketako osasungarria urrian egin da eta arrakasta handia izan du. Familiek oso ondo hartu dute proiektua eta gustura daude egindako proposamenarekin. Proiektu honen hartzaileak Haur hezkuntzako haurrak diren arren, 4 eta 5 urtekoek bereziki, pixkanaka 3 urtekoek eta 2 urteko gelako txikienek ere parte hartuko dute.
Guraso elkartea arduratzen da proiektua koordinatzeaz eta haurrek dastatuko dituzten frutak erosteaz. Dendako arduraduna gela bakoitzera joaten da eta frutak prestatzen ditu, nondik datozen, zein den garairik onena, hezurrik baduten, nola garbitu behar diren, dastatzeko modurik onena… azalduz. Hori guztia gela bakoitzeko irakasleen laguntzarekin. Nabarmendu behar da arreta berezia jarri dela frutak zazkietan irits daitezen ikasgeletara, horiek garraiatzeko plastikorik erabili gabe.
Azaroan izango den hamaiketakoa prestatzen ari dira. Oraingoan, haurrek beren fruta-brotxeta egingo dute tailerreko arduradunaren laguntzarekin. Ziur gaude jarduera honek ere arrakasta handia izango duela.