Ikasle etorkinei hezkuntza-arreta emateko 2016-2020 II. Plana argitaratu du Eusko Jaurlaritzak Irekia web gunean hezkuntza-eragileak kontsultatu gabe.Hezkuntza-komunitateari iritzirik eskatu gabe, Enplegu eta Gizarte Politika sailaren menpe dagoen foro batean aurkeztu du dokumentua eta publiko egin du hiritarren iritzia jakiteko, prozedura arraroa gure ustetan euskal hezkuntza sistemarentzat hain garrantzitsua den gai batentzat. Are eta gehiago EHIGE-k gai honi buruz duen kezka publikoki agertu duenean “Hezkuntza sistema inklusiboa lortzeko proposamenak” izeneko dokumentuaren bidez.Eusko Jaurlaritzaren planak bere egiten dituen arren pasa den ikasturtean EHIGE-k salatutako egoera batzuk (itunpeko ikastetxeek ohiko matrikulan ratioa %10ean handitzea, eskolatzeko eragin-eremu berdinetik etorri berriak diren ikasleak ikastetxe batzuetan eta besteetan presentzia desberdina izatea, eta abar) eta arazo hauei aurre egiteko hainbat neurri proposatu, bere osotasunean eskasa iruditzen zaigu.
Hala, 2018-2019 ikasturtera arte ez da indarrean egongo ikasleak onartzeko dekretu berria, ez du aurreikusten finantziazio murrizketarik ikasleak aukeratzen dituzten ikastetxeentzat, ezta matrikulazio bulego bakarra sortzea edo eta diru-iturri berririk familien prestakuntzarako, beste batzuen artean.
Guzti horregatik, eta Plan honek benetan erantzun diezaion integratuko duen hezkuntza sistema inklusibo bati, ezinbestekoa iruditzen zaigu Hezkuntza sailak dokumentu hau hezkuntza-eragile guztiekin kontrastatzea eta haien iritziak kontuan hartzea.
*EHIGEren proposamena: https://www.ehige.eus/es/hezkuntza-sistema-inklusiboa-lortzeko-proposamenak/