Hezkuntza Legeak Euskal Eskola Publikoari lehentasuna ematea exijitu dugu milaka lagunek

2023-10-30

Milaka lagun bildu gara igande honetan Donostiako kaleetan Euskal Eskola Publikoaren alde eta Hezkuntza Lege berriaren aurka. Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak deitutako manifestazioa 12: 30ean abiatu da Donostiako Boulevardetik, ‘Euskal eskola publikoaren alde, hezkuntza lege honi ez’ lelopean. 10:00etan jai eta errebindikazio giroa nabarmena zen eta haurrek jarduera ludikoez gozatu dute martxa hasi aurretik: aurpegi margoketa, eskulanak, buruhandien erakusketa eta Gora bihotzak! antzerki musikatua.

Martxaren helburua izan da alderdi politikoei eskatzea atzera bota dezatela hezkuntzaren pribatizazioan sakontzen duen, eskola publikoa baztertzen duen eta ikasle guztien euskalduntzea bermatzen ez duen lege-proiektua. Gainera, itunpeko ikastetxeen interesei soilik erantzuten dien proiektua da, eta eskola publikoak ikasle guztiei kalitatezko hezkuntza eskaintzeko behar dituen baliabideak pribatura desbideratzen ditu.

Salatu dugu lege horrek ez duela hezkuntza-komunitatea kontuan izan eta ez diela hezkuntza-sistemaren erronkei erantzuten. Eskola publikoa lehenestea eta sistemaren ardatz bihurtzeko behar diren baliabide guztiak ematea eskatu dugu.

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak gogorarazi duenez, “2022ko apirilean Hezkuntza Akordioa sinatu zenetik, Hezkuntza Sailak, herritar guztien Euskal Eskola Publikoa eta benetako zerbitzu publikoa finkatzeko neurriak hartu beharrean, behin eta berriz egin du sare pribatu-itunduaren alde”.

Gainera, ekainean Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean aurkeztutako ekarpenak kontuan hartu ez izana deitoratu du plataformak. “Eusko Jaurlaritzak entzungor egin dio Euskal Eskola Publikoaren alde egindako eta esandako guztiari”.

Amaiera ekitaldian plataformaren komunikatua irakurri da eta Garbiñe Biurrun epaileak hartu du hitza, Euskal Eskola Publikoa, unibertsala, inklusiboa, kohesionatua, anitza, euskalduna, laikoa, kalitatezkoa, hurbila eta doakoa, defendatuz. “Eskola publikoa guztiona eta guztiontzat da, mundu guztiari ateak irekita dituelako. Eskola publikoa erdigunean jarriko duen hezkuntza nahi dugu, kohesio soziala eta berdintasuna bultzatuko dituen kalitatezko hezkuntza euskalduna “. Amaitzeko, Orio, Errenteria, Ordizia eta Zaldibiako neska-mutikoak eszenatokira igo dira bertso ekitaldia eta dantza eskaintzeko.

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformatik dei egin da Legebiltzarreko alderdi guztiei, hurrengo asteetan eztabaidatuko dituzten zuzenketen harira, Legearen sakoneko mamia birpentsatu eta bertan behera utz dezaten sare pribatuko ikastetxeen interes partikularrak mantentzen dituen lege hau, guztiona den sare publikoa bazterrean uzten duen bitartean.

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataforma osatzen dugun Euskal Eskola Publikoaren aldeko eragileez gain (Donostialdea, Oarsoaldea, Ordizia, Urola-Kosta, Andoain, Aiztondo, Debagoiena, Bilbo, Santurtzi, Gasteiz, Oion eta Aiaraldea Plataformak; EHIGE (gurasoen konfederazioa); STEILAS, CCOO eta ESK sindikatuak; HEIZE zuzendaritza elkarteen federazioa; Ikasle Sindikatua; Ikasle Abertzaleak; Ikasle Ekintza; Gazte Komunistak) hauek ere bat egin dute gurekin: ELA sindikatua; Elkarrekin Ahal dugu eta Alternatiba alderdi politikoak; Eskola Laikoa elkartea; Ikas-bi (Iparraldeko eskola publiko elebidunen gurasoen elkartea); Zubiak Eraikiz ILP Eskola Inklusiboaren talde sustatzailea; Adarra Pedagogia Kolektiboa; Mugarik gabe; Komite Internazionalistak; Feministalde eta beste hainbat eta hainbat guraso elkarte, herri eskolak, sare publikoko ikastolak, haurreskolak; Gonzalo Larruzea eta EHUko zenbait irakasle.

Deskargatu Euskal Eskola Publikoaz Harro! Plataformaren azken manifestua.

Deskargatu Zergatik errefusatzen dugu euskal autonomia erkidegoko hezkuntzaren lege-proiektua? triptikoa PDF formatuan.