Hezkuntza Sailak ez die erantzuten datorren ikasturtea planifikatzeko ikastetxeen beharrei

2020-06-24

Ikastetxe publikoetako zuzendariek eta familiek argi dugu konfinamentuak sortutako beharrei erantzuteko baliabide berriak beharko direla ikastetxeetan datorren ikasturtean, eta hala eskatu diogu Hezkuntza sailari behin eta berriro azken hilabeteetan. Baliabide hauek ezinbestekoak dira hezkuntza komunitateak eta Hezkuntza sailak berak identifikatu dituen gaiei erantzuteko (digitalizazioa, euskara eta atentzio emozionala) baita eszenatoki desberdinetara egokitzeko.

Hala ere, Hezkuntza sailak ez die jaramonik egin eskola komunitateen eskaerei. Aste honetan jasotzen ari gara ikastetxeetan eskaera hauei buruzko erantzuna eta kezkaz ikusten dugu ez dagoela baliabide berririk erronka horiei erantzuteko. Hori gutxi balitz, murrizketa nabariak ezarri nahi ditu Hezkuntza sailak.

  • Jantokiko arduradunen lanaldia erdira murriztu nahi du.
  • Murriztu egin nahi dira egoera sozio ekonomiko baxuko ikastetxeentzako baliabideak.
  • Ez dago baliabiderik IKT arduraduna eta aholkulariaren figura indartzeko.
  • Ez dago baliabiderik ratioak jaisteko geletan.

Horren aurrean, asmo hori bertan behera uzteko eskatu diogu Hezkuntza sailari. Horrekin batera, kanpaina bat abiatuko dugu OOG guztietan, Hezkuntza sailak kontuan har ditzan ikastetxeen eskaerak.