Igandean Eskola Txikien Festa egingo dute Adunan
2024-06-14
Igandean ospatuko da Adunan Gipuzkoako Eskola Txikien 35. Festa. Herrian eta auzoan eskola izateak duen garrantzia aldarrikatuko dute eta Asier Sasieta Gipuzkoako Eskola Txikien Gurasoen Koordinakundeko lehendakariak aipatu duenez, “Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik” leloa eramango du festak.
Egun osoko egitaraua prestatu dute adunarrek eta gainerako eskola txikietakoak gonbidatu dituzte igandean Adunara etorri daitezen.
Lorea Iñigo Basopeta guraso elkarteko kidearen esanetan Eskola Txikien Festak agerian uzten du eskola txikien komunitate sentimendua. «Antolaketa lanetan gabiltzanetik argi geratu zaigu 27 eskolez osatutako sare handia osatzen dugula; batzuekin distantziaz urrun egon arren, antzeko izaera eta errealitatea partekatzen dugu».
Adunako eskolako zuzendariak ere nabarmendu du talde lanean aritu direla auzokideak, gurasoak, ikasleak eta irakasleak. Prestaketan «indar, gogo eta ilusio» guztia jarri dutela aitortu du. Eskola txikietako parte direnei luzatu diete gonbidapena, baita instituzioei eta inguruko herritarrei ere. «Zaindu ditzagun herri txikiekin batera eskola txikiak eta egin ditzagun handi guztion artean», aldarrikatu du.
Ekainak 16, igandea
10:30 – 11:00. Harrera ekitaldia.
11:00 – 13:00. Zirkuola.
11:00 – 13:00. Sagarraren ibilbidea eta Txiki zumba.
11:30. Sagarraren bidea egiteko aukera izango da egun osoan zehar. 11:30ean bisita gidatua.
13:00 – 14:00. Sagar eta lekuko aldaketa ekitaldia.
14:00. Bazkaria eta bingo musikatua.
14:30 – 17:30. Txiki Txoko: egurrezko jolasak, eskulanak eta tailerrak, saharar haima, makillajea, ile-apaindegia, argazki gunea, pottokak eta punteria jolasak.
17:30. Bukaerako ekitaldia Pirritx, Porrotx eta Marimotots.