Ingelesezko murgiltze linguistikoko egonaldiak DBH2ko ikasleentzat ere

2023-09-21

Hezkuntza Sailak ikasleek hizkuntzan murgiltzeko egonaldiak arautzen dituen ebazpena argitaratu du. Normalean dirulaguntza hau ikastetxe publikoetako Lehen Hezkuntzako 6. mailakoentzat den arren, aurten, nobedade moduan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailakoek ere parte hartu dezakete.

Orotara Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleentzako 1.474 plaza eta Bigarren Hezkuntzako 2º mailako ikasleentzako 2.075 plaza deitu dira, ingelesez murgiltzeko egonaldietan parte hartzeko. Jarduera 2023ko abendua eta 2024ko maiatza bitartean gauzatu behar da,  eta ikasleak astebetez egongo dira barnetegian, astelehenetik ostiralera.

Parte hartu nahi duten ikastetxeek gelak osorik aurkeztu beharko dituzte eta eskaerak dagozkien eranskinekin batera elektronikoki tramitatu, urriaren 6an beranduenez. Murgiltzeko egonaldi hauetan parte hartzen duen ikasleari ordaintzea dagokion zatia 40 eurokoa da, bestea Hezkuntza Sailak ordainduko du.

Egonaldien programaren helburua ikasleek ikasgelakotik haratago dauden egoera komunikatiboetan atzerriko hizkuntza erabiltzea da, eta, beraz, ohiko komunikazio-harremanetan erabiltzeko aukera gehiago izatea.

Zuen seme-alabek proiektu honetan parte hartzea nahi baduzue, EHIGEtik zuen interesa zuen ikastetxeetako zuzendaritzei helaraztera animatzen zaituztegu, ikastetxeak programa honetan parte hartzeko aukera baloratu dezan.

Informazio gehiago hemen.