Irudia aurkeztu du Aiaraldeko ikastetxe publikoak biltzen dituen sareak

2025-03-24

Aspalditik dabiltza elkarlanean Aiaraldeko 14 ikastetxe publikoak*. Oraingo honetan logoa aurkeztu dute, euren elkarlana ikusarazteko. Hezkuntzaren kalitatea hobetzea eta irudiaren etengabeko hobekuntza dira egitasmo honen helburuak.

Hainbat arlotan aritu dira elkarlanean azken urteetan: euskararen eta euskal kulturaren transmisioa, irakurzaletasuna eta irakurketan trebakuntza, teknologia berrien egokitzapena eta erabilera arduratsua, irakaskuntza metodologia berrien egokitzapena eta inplementazioa, bizikidetza positiboaren sustapena eta abar.

Oraingo honetan, tangram jolas hezitzailearen bitartez, Aiaraldeko hezkuntza publikoa islatzen duen irudi bakarra sortu dute. Hezkuntza-etapa guztiak barne biltzen ditu irudiak, haur hezkuntzatik hasi eta helduen irakaskuntzaraino.

 

Euskal Eskola Publikoko beste sare batzuk

Elkarlanean aritzen diren hainbat sare ditugu Euskal Eskola Publikoan. Duela urtebete sortu zen Are, Aia, Getaria, Orio eta Zarauzko eskola publikoen sarea. Ikastetxeen arteko lankidetzan eta koordinazioan sakontzea da talde honen helburua

Gipuzkoan ibilbide luzea dauka Goieskola sareak, Debagoieneko ikastetxe publikoen proiektu bateratuak.

Gipuzkoan sortu zen ere eskola txikien koordinakundea, egun Gipuzkoaz gain (27 eskola), Bizkaia (21) eta Arabako (6) ikastetxek osatzen duten sarea. Herri eta auzo txikietako eskolak barne hartzen ditu, landa eremuan kokatzen direnak eta tamaina txikikoak. Urtero festa antolatzen dute ekaineko bigarren igandean.

Amara Berri sarea izango da seguraski ibilbiderik luzeena izan duena, 70. hamarkadan sortu bait zen bizi-esperientzietan oinarritzen den eta aniztasunaren aldeko apustua egiten duen metodologia erabiltzen duten ikastetxeen sarea. EAEko 20 ikastetxe publikok osatzen dute sarea.

Ibilbide motzagoa du oraindik Valle de Trápaga-Trapagaranen sortu berri den Eparan sareak, hango lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza eta helduen hezkuntzako ikastetxeak barne biltzen dituenak.

Ikastetxeen saretzea estrategikoa da Euskal Eskola Publikoaren etorkizunerako. Jarrai dezagun bide onetik!

 

* 14 ikastetxek osatzen dute Aiaraldeako ikastetxe publikoen sarea: Okondo HH, Arteko gure ama HLHI, Etxaurren ikastola HLHI, Mendiko eskola HLHI, Zabaleko HLHI, Urduña HLHI, Latiorro HLHI, Lamuza eskola HLHI, Areta Herri Eskola HLHI, Orozko Harana HLHI, Zaraobe BHI, Laudio BHI, CEPA Laudio-Amurrio HHI, Laudioalde Lanbide Eskola.