Jangelak eraldatzea helburu duten ekimenen ahotsa eraman dugu Legebiltzarrera
2021-12-23
Atzo, abenduak 22, Eusko Legebiltzarraren “Etorkizuneko euskal hezkuntza-sistemari buruzko hitzarmenaren oinarriak zehazteko ponentzian” parte hartu genuen Gure platera gure aukera ekimenaren izenean Eneko Viñuela, Bidezko Elikadurako ordezkariak, eta Lurdes Imaz, EHIGEren ordezkariak.
Hiru ataletan banatu genuen agerraldia: orain arte egindakoa, egungo egoera eta gure eskariak etorkizunera begira.
Orain arte egindakoa
2000garren urtean egun indarrean dagoen araudia argitaratu zenetik gaur arte gertatutako hainbat jazoera azpimarratu ditugu, lehenik eta behin:
- 2011: eskola-jantokiak eraldatzeko aurreneko ekimena jaio zen.
- 2014: esperientzia-pilotuak egitea adostu zuen Eusko Legebiltzarrak.
- 2015: Gure Platera Gure Aukera ekimena jaio zen.
- 2016: “Jantoki” kasua argitara eman zuen Lehiaren Euskal Agintaritzak. Ikerketa-batzordea egitea adostu zuen Eusko Legebiltzarrak.
- 2016-2018: esperientzia pilotuak abiatu ziren lau ikastetxetan.
- 2019: “Jantoki” kasuari buruzko ikerketa-batzordearen ebazpena Eusko Legebiltzarrean.
- 2019: Jantokiei buruzko adostasuna Legebiltzarrean.
Egungo egoera
2019ko adostasunetik abiatuta, egungo egoeraren azterketa egin genuen:
- Kudeaketa eredu berritzailea: Hezkuntza sailak jarrera irekia duen arren, oraindik ez da definitu eredu berria.
- Sukaldeak: onartu dira hainbat, baina atzeratuta daude obrak.
- Pleguak berriak: garraiatutako menuarenak bakarrik publikatu dira.
- Hezkuntza-komunitatearen parte-hartzerik gabe egin dira.
- Berriro ere lote handiak egin dira (20 guztira: 3 Araban, 9 Bizkaian, 8 Gipuzkoan; Araban enpresa bakarrak har ditzake eskola guztiak) eta enpresa handiei begira egindako baldintzak (bolumena, kaudimena, azpiegiturak, ibilgailuak…) enpresa txikiak sartzeko aukerarik eman gabe. 5 urtetara ixten da aldaketak egiteko aukera.
- Arlo pedagogiko, zaintzen inguruan aurrerapenik ez: antolaketa, ratioak, jarduerak, formakuntza, eta abar.
- Erabaki ahalmenik ez ikastetxeei, ezta kontratuaren kontrola egiteko aukerarik ere.
- Elikagaiei buruzko irizpide berriak (ekologikoak, Euskolabel, Fairtrade…) baina betetzen direla bermatzeko aukerarik ez.
- Elikagaien prezioa ez dago egokituta merkatuko egoerara.
- Eta abar.
- Araudi berria: aurrerapenik ez, momentuz.
Horretaz gain, martxan ditugun hainbat ekimenen berri eman genuen:
- Jantoki-batzordean eraldatzeko prozesu parte-hartzailea.
- Familientzako elikadura-eskola.
- “Jan eta ikasi, eskolatik hasi” gida.
ETORKIZUNERA BEGIRA
- Eskola-jangela oinarrizko zerbitzua izan behar da, ez osagarria, orain den bezala. Honek, arlo pedagogikoa indartzea eskatzen du, besteak beste: eskola-jangela Ikastetxeko Proiektuan txertatzea, ratioak hobetzea, formakuntza, eta abar.
- Plegu eraldatzaileak: pleguak ezin dira egin catering-enpresa handien interesei begira, hezkuntza-komunitatearen beharrei begira baino. Horretarako ezinbestekoa da komunitatearekin adostuak izatea.
- Sukaldeak ziurtatu. Menuak in situ prestatzeak onura ugari dakartza, eta, horregatik, eskola-komunitateen sukalde-eskaerak entzutea eta kontuan hartzea eskatzen dugu, eta eskuragarriak dauden azpiegiturak partekatuak izatea ere.
- Araudia aldatzea. urteko araudia eguneratu egin behar da, ratioak eta langileen profilak ere eguneratu behar dira, eta langile horiek prestatzeko era guztietako baliabideak ziurtatu behar dira.
- Kudeaketa eredu osagarria. Egunetik egunera gero eta eskola-komunitate gehiagok eskatzen dute kudeaketa-eredu desberdina, eredu osagarri bat eraikitzeko garaia heldu da, baina borondate eta ausardiarekin.
- Elikadura osasungarria eta iraunkorra. Elikadura osasuntsu eta jasangarria da gizarte osoak eskatzen duena, eta planetak behar duena. Ikastetxeek elikadura eredu hau garatzeko gunea izan behar dute, baina baita bere mugak baino haratago sustatzen dituen gunea ere.