Jantoki zerbitzuan osasuna eta segurtasuna bermatzeko baliabideak eskatzeko Tupperrada Lakuan

2020-09-24

Gasteizko hainbat ikastetxetako familiek Eusko Jaurlaritzaren ateraino eraman dugu jantokien egoeraren salaketa. Arabako hiriburuko zenbait eskolatako familiek —Errekabarri, Luis Elejalde, Toki Eder, Mariturri eta Abendaño, besteak beste— Eusko Jaurlaritzaren aurrean bazkaldu dugu asteazken honetan, jantokien egoera salatu eta “zerbitzu egoki bat” aldarrikatzeko.

Jantoki zerbitzuan osasuna eta segurtasuna bermatzeko baliabideak eskatu zaizkio Hezkuntza Sailari: begirale gehiago behar dira burbuila-taldeak jantokian ere mantentzeko, baina garbitzaile gehiago ere ezinbestekoak dira, erabilitako eremuak desinfektatzeko eta egokitzeko.

Une honetan, Hezkuntza Sailak ezarritako irizpideen arabera, Arabako ikastetxe publikoetan zerbitzua behar duten ikasleen heren batek bakarrik izango du erabiltzeko aukera. Gainera, eskola jantokietan lehentasuna dute bekadunek eta garraioa behar duten ikasleek; beraz, ikastetxe batzuek soilik ikasle horientzat irekitzea erabaki dute. Beste askok, ordea, zerbitzua eskaini gabe jarraitzen dute. Egoera horretan, familia langile askok ez dute haurrak eguerdian uzteko beste alternatibarik.

Familien lehentasunetako bat izango da ikasturte hasiera honetan jantoki zerbitzu egokia izan dezaten haren beharra duten ikasle guztiek.