Kurtzebarri Eskolak produktu ekologikoen postua jarri du Aretxabaletako azoka txikian

2020-10-01

Aurten atxabaltar San Migel jaiak ezin izan direnez ospatu, Kurtzebarri eskolako ikasle eta irakasleek ezin izan zuten urte osoan zehar baratzean zaintzen dituzten produktu ekologikoen ohiko postua bertan jarri. Baina ez zuten adore eman eta astelehen honetan Gernika plazan izandako azokara joan eta erabateko arrakasta agerikoa izan zen.

“Gure baratza, 26 urte martxan daraman eskola-baratza da eta bertan, protagonista nagusia ikasleria da, familiek ere lagundu izanik. Baratza ekologikoa da eta irakasleek estamentu ezberdinetatik prestakuntza eta orientazioa jaso dugu. Gainera, azken urteetan esperimentazioa eta zientzia  barneratu ditugu. Proiektu horretan, haur hezkuntzako ikasleriak ikerketa ezberdinak burutu ditu, hala nola, satorra, arto-artaburuak eta zinema. Lehen Hezkuntzako lehen zikloan produktuak lantzen dituzte eta 3. mailakoek hauek bildu eta San Migel eguneko azokan saltzen dituzte. Baratzak emandako produktuekin hainbat errezeta prestatzen eta idazten dituzte. 3. zikloak baratzan esperimentatzen du, lurraren PHa neurtuz, azenarioak hain txarrak zergatik ateratzen zaizkigun ikertuz, ureztatze edo argi kopuruekin saiakuntzak eginez.

Honetaz gain, lehen zikloak intsektu-proiektu bat du eta hauentzat hotel bat dugu. Honekin batera, bertako hazien proiektua dugu, esaterako, Aretxabaletako tomatea. Aurreko ikasturtera arte, familia bat lursail bat lantzen aritu eta elkarlanean izan gara. Horrek guztiak, aintzatespena izan du, STEAM sarietan finalista gaude, baratzarekin egiten dugun lanagatik”, esan digu ikastetxeko zuzendariak.