Kurtzebarri eta Cristobal Gamon institutuen 25. urteurreneko jardueren amaiera

2022-06-21

Ikasturte honetan, bi ikastetxek zilarrezko ezteiak egin dituzte, Aretxabaletako Kurtzebarri Institutuak eta Errenteriako Cristobal Gamon Institutuak, eta ekainean hauek ospatzeko antolatutako jardueren egutegia itxiko dute.

Aretxabaletako ikastetxeari dagokionez, oroitzapenezko ekitaldiak joan den urteko irailaren 30ean hasi ziren, ikastetxearen aurrealdean ikasle guztien argazkia eginik. Azaroan, ikasleen artean Tik Tok lehiaketa egin zuten eta abenduan, 25 urteko argazkien erakusketa Arkupe Kultur Etxean.

Urte honen hasieran, urtarrilean, ikasleen artean orri markatzaileen lehiaketa antolatu zuten eta apirilaren 30ean kontzertu bat izan zen plazan, ikasle ohi batzuk eta gaur egungo beste ikasle batzuk musika jo izanik. Maiatzaren 21ean herri bazkaria izan zuten Iturrigorri pilotalekuan eta joan den asteburuan, 25. urteurreneko ekitaldien amaiera gisa, ikasleek eta irakasleek Kurtzebarri mendira irteera egin zuten.

Cristobal Gamonek ere hainbat jarduera antolatu ditu zilarrezko ezteiak ospatzeko. Horien artean, jaialdi bat egin zen ikastetxean bertan, ikastetxea horretarako apainduz eta ikasle zein irakasleentzako aperitiboa emateaz gain, hainbat kirol-proba ere antolatu zituzten.

25 urte horietan egindako argazkiak bildu eta prestatu ondoren, argazki-erakusketa bat antolatu zuten Merkatuzar aretoan, Udalak hartarako utzia.

25 urte hauen oroigarri gisa, ikasleek 25 landare landatu zituzten eta larunbat honetan, ekainak 25, bazkaria egingo dute ikasle ohiekin eta irakasleekin.