Eako Haizeder eskolan irailetik aurrera Lehen Hezkuntza eskaintzea aldarri

2021-03-02

Ean dago Haizeder eskola eta bertako, Elantxobeko eta Ibarrangeluko 36 haur hartzen ditu eta datorren kurtsorako 41 espero dira. Denbora darama Haizeder Handitzen plataformak Haur Hezkuntza eskaintzeaz gain, Lehen Hezkuntza eskatzen. Eusko Jaurlaritzaren erabakiaren zain dago hezkuntza komunitatea.

Haizeder orain dela 10 urte zabaldu zen Natxituko guraso batzuen borrokari esker. Umeak 6 urte betetzen dituztenean 14 kilometroko ibilbidea egin behar dute Barrutira arte, Ibarrangelu eta Elantxobeko umeekin batera. Bidean ordubete ematen dutela adierazi du Haizeder Handitzen plataformak, horrek dakarren istripu arriskuarekin eta kutsadurarekin.

Orain dela bi urte inguru hasi ziren Eako gurasoak egoera honi irtenbide bat aurkitu nahian. Eako udaletxearekin batera egindako txosten bat aurkeztu zuten Hezkuntzan Haizederren LH eskatzeko. Txosten horretan aurreproiektu arkitektoniko bat aurkeztu zen Haizederren handitzea nola egin zitekeen proposatuz.

Denbora pasa ahala hainbat batzar egin zuten guraso elkarteak eta udaletxeak Hezkuntzako delegatuekin. Euren proiektua 2019-2023 Hezkuntza azpiegituren planean egongo zela adierazi zieten arren, planak ez du Haizeder aipatzen eta hauteskundeen ondorioz isiltasun administratiboa ezarri zen.

Orain, borroka sutsuaren ostean, ordezkari politikekin biltzea lortu dute. Hiru herrietako alkateak, Haizederreko zuzendaritza eta guraso elkarteko ordezkariak elkartu dira eta informazioa berritu dute, izan ere plataformak esaten duenez, “proiektua ez da bakarrik hezkuntza begirakoa, herri txikien bizi iraupenerako oinarriko baliabidea baizik”.

Haizeder Handitzen plataformako aita batek adierazi duenez, “garrantzitsua da umeak bere espazio naturalean hazteko aukera ematen duelako. Umeek ez dituztelako egin behar urtean horrenbeste kilometro autobus batean sartuta. Herrian hazteko aukera dutelako, herri osoak irabazten duelako umeak herrian geratuta. Bizitu egiten du herria”.

Administrazioaren erantzunaren zain dago Haizederreko hezkuntza komunitatea eta laster izango dute azken erabakiaren berri. Hala ere, erantzunaren zain dauden bitartean, matrikulazio prozesuak aurrera doa, eta bost umek ez dakite zer gertatuko den datorren ikasturtean. Plataformakideek irailean Haizederren Lehen Hezkuntza egotea espero dute.