Hezkuntza sailaren hezkuntza-politikak ez du hezkuntza publikoa defendatzen
2022-09-02
Datozen sei ikasturteetarako hezkuntza-itunak berritzeko Aginduak eta Planifikazio-dekretuaren zirriborroak argi erakusten dute Hezkuntza Sailaren hezkuntza-politikaren norabidea eta lehentasunezko helburua hezkuntza pribatua eta itunpekoa indartzea dela, eta hezkuntza publikoa bigarren mailan uztea.
Planifikazio-dekretu berriak oinarri arautzaileak ezartzen ditu, datozen urteetan, jaiotza-tasaren jaitsieraren ondorioz, lerro bateko ikastetxe publikoak itxi daitezen, bai hiri-ingurunean, bai eta landa-inguruneko Eskola Txikiak ere, “hezkuntza-baliabideak ahalik eta ondoen erabiltzen direla bermatzeko”.
Dekretuak ezartzen du ikastetxe publikoek gutxienez bi talde izan beharko dituztela maila bakoitzeko, baina ez da ikastetxe pribatu eta itunduen gutxieneko tamainari buruzko aipamenik egiten; beraz, lerro bakarreko ikastetxe pribatuak eta itunduak funts publikoekin itundu eta finantzatzen jarraituko dira. Bistakoa dirudi hezkuntza-baliabideak modu egokian erabiltzeko irizpidea ez dela berdin aplikatzen ikastetxe pribatu-itunduetan.
Bestalde, dekretu honek ikastetxe pribatu-itunduetan talde edo gela bat osatzeko gutxieneko ratioa aldatzen du. Neurri horrek ez du inolako justifikazio pedagogikorik, eta gaur egungo jaiotza-tasaren jaitsiera-testuinguruarekin bat ez datorren hezkuntza-itun mailari eustea du helburu, ikastetxe pribatu-itunduetan gelak ixtea saihestuz. Argi dago ikastetxe erlijiosoetako patronalen eta ikastola pribatuen erreskate ekonomikoa dela, eta agerian uzten du, beste behin ere, ikastetxe horiek funts publikoekin finantzatzen diren arren, ez zaiela baliabide publikoak optimizatzeko irizpidea aplikatzen.
Hori nahikoa ez balitz, abuztuan, Eusko Jaurlaritzak hezkuntza-itunen moduluak aldatu ditu, ikastetxe pribatu eta itunduei finantzazioa gehituz. Gaur egun ez dira ezagutzen aldaketa hori justifikatzen duten arrazoi edo analisi ekonomikoak.
Planifikazio-dekretu berriak ez du bermatzen gaur egun hezkuntza pribatu-itundua baino eskaintzen ez duten udalerrietan aurrerantzean ikastetxe publikoak izango dituztenik. Gaur egun, hezkuntza-eskaintza duten udalerri guztiek ez dute titulartasun publikoko ikastetxerik, eta dekretu honek ez du egoera hori aldatzeko neurri zehatzik jasotzen. Gogoan izan EAEn 8 udalerrik (5 Gipuzkoan, 2 Araban eta 1 Bizkaian) hezkuntza pribatu-itundua baino ez dutela eskaintzen.
Bestalde, arau horrek berak aukera ematen du, eskola-eremu berean ikastetxe publiko bat baino gehiago baldin badaude, ikastetxe horietako batzuk ixteko, eremu bereko ikastetxe pribatuen kopuruak aldatu gabe jarraitzen duen bitartean.
Horri gehitu behar zaio egungo hezkuntza-eskaintza publikoaren eskasia. Horrela, Bilbon eta Donostian, haur-hezkuntzako ikaspostu publikoen eskaintza % 50etik beherakoa da, eta Gasteizen % 50era iristen da justu-justu. Era berean, eskaintza publiko eta pribatua duten udalerri gehienetan eskaintza osoaren % 50etik oso behera dago etapa horretako eskaintza publikoa.
Argi dago, beraz, planifikazio-dekretuak ez duela jasotzen eskola publikoaren perimetroa handitzeko inolako neurririk, Hezkuntza Akordioan jasotzen den bezala, ez eta eskaintzan dagoen desoreka-egoera hori zuzentzeko neurririk ere.
Lege organikoak eta Euskal Eskola Publikoaren Legeak hezkuntza-eragileek hezkuntza-planifikazioan parte hartzeko eskubidea dutela ezartzen duten arren, Hezkuntza sailak ez die jaramonik egin EHIGEk eta ikastetxe publikoetako eskola-kontseiluetako ordezkariek egindako eskakizunei.
Parte hartzeko eskubidearen urraketa horrek erakusten du, gainera, Hezkuntza sailak ez duela bere egiten Hezkuntza Akordioan jasotako euskal planifikazio-printzipioetako bat. Horren erakusgarri da Planifikazio dekretu berrian kendu egin dela praktikan hezkuntza-eragileen parte-hartzea eskola-postuen planifikazioan, eta bertan behera utzi dela Hezkuntza Sailak egiten duen plaza publikoen eta pribatuen eskaintza kontrolatzeko aukera.