Lanestosa, Karrantza, Turtzioz, Sopuerta eta Artzentalesko batxilergoko ikasleen familiek PREMIAZKO irtenbide bat eskatu diote Eusko Jaurlaritzari garraio falta dela eta

2023-05-30

Urteak daramatzate garraioaren kostea ordaintzen, beren seme-alabek Balmasedako institutuan batxilergoa ikas dezaten, beren udalerrietan ez baitute hezkuntza-eskaintza hori.

Ikasturte honetan, familiek 120€ ordaintzen dute hilero ikasle bakoitzeko. Hala ere, orain arte garraioaz arduratzen zen enpresak iragarri die datorren ikasturtean ez duela zerbitzu hori eskaintzen jarraituko. Horren aurrean, familiak harremanetan jarri dira beste enpresa batzuekin, eta hilean 250 €inguruko aurrekontua jaso dute.

Familia askorentzat egoera jasanezina da, ezin diote gastu horri aurre egin. Haien seme-alabek berdinetan hezteko eskubidea galtzen dute, dagoen diskriminazio geografikoa mahai gainean jarriz.

Egoera ikusita, familiek PREMIAZKO irtenbide bat eskatu diote Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari, garraio gabeziari aurre egiteko, derrigorrezko hezkuntzaz haratago ikasketekin jarraitu ahal izateko.

Dirudienez, Hezkuntza Saila dekretu bat lantzen ari da geografikoki kalteberak diren eremuetarako garraiorako banakako laguntzak eskaintzeko. Konponbide hori ez da garaiz iristsiko egungo ikasleentzat, ezta datorren ikasturtean batxilergoa egingo dutenentzat ere.

Konponbidea aurkitzea Eusko Jaurlaritzaren eskumena bada ere, familiek honako hauek proposatu dituzte:

– Dirulaguntza publiko bidezko ordainketa, ikasleak institutura eramateko behar den zerbitzua egingo duen autobus baten kostua ordaintzeko

– Autobus-linea publiko berri bat sortzea, udalerri horiek Balmasedarekin lotzeko, institutuko sarrera eta irteera ordutegietara egokitutako ordutegian.

Laburbilduz, eta 23-24 ikasturtea hasteko 3 hilabete falta direnean, premiazko irtenbidea behar da.