Lezoko Institutuak Eskoletako Urmael Sarearen proiektuan parte hartu nahi du

2023-10-18

Lezoko Institutuak Eskoletako Urmael Sarea proiektuan parte hartu nahi du. Proiektu hori Aranzadi Zientzia Elkarteak sustatu du eta horretarako, anfibioentzako putzu bat sortzeko proiektua aurkeztu du Udaletxean.

Urmaelaren egitasmoa Aranzadi Zientzia Elkarteak bultzatutako Eskoletako Urmael Sarea proiektuaren barruan ulertu behar da. Eskola inguruan urmaela edo putzua duten eta eremu hori erabilera didaktikorako erabiltzen duten Euskal Herriko ikastetxeen sarea da. Bere helburu nagusia da eskola horien arteko lotura sustatzea, eta esperientziak partekatzeko aukera eskaintzea.

Eskoletan urmaelak sortzeko ideia Alemaniatik ekarri zuen Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia sailak, horiek egitea ingurumenaren eta biodibertsitatearen aldeko pauso garrantzitsua ematea delakoan. “Urmaelak hezkuntzan ekosistemaren eredu bilaka daitezke eskola inguruko eremuan, funtzionamendu ekologikoaren inguruko kontaktu zuzena ahalbidetzen duten ikerketa eta behaketa jarduera ezberdinak egiteko”, azaldu dute udaletik.