Memoria kolektiboa osotuz
2023-12-22
Uda aurretik, Kanpezuko Mendialdea IPIko guraso elkartearen ekimenez, ikastetxearen hastapenen eta euskararen biziberritzearen kontakizuna biltzeari ekin zitzaion. Hiru dira proiektu honen ardatzak: udalerria, hezkuntza komunitatea eta euskara.
Mendialdea IPIn euskararen biziberritzea bildu eta modu erakargarrian ezagutzera eman nahi zituzten. Izan ere, herritar guztiei, baina, batez ere, belaunaldi berriei udalerriko euskararen historia hurbila eskuragarri jartzeko egitasmoa izan da honakoa; maiz ezezaguna baitzaie.
Mendialdea IPIko ikas komunitatearen ustez memoria kolektiboa osatzen lagungarria den informazioa prozesu parte-hartzaile baten bitartez bildu behar zen. Hortaz, lantaldea osatzeko guraso, irakasle eta ikasleekin bilera irekia egin zen hasieran; bertan, informazio-iturriak zerrendatu egin ziren eta, geroztik, lau lantaldetan aritu ziren.
Momentu honetan, informazioa sistematizatu ondoren, testigantzak zabaltzeko komunikazio euskarri ezberdinak prestatzen ari dira: bideoa eta erakusketa bat, tartean. Arabako Foru Aldundiko Euskara Zerbitzuaren dirulaguntza izan du proiektuak.