Milaka lagunek Euskal Eskola Publikoa aldarrikatu dute Mungian
2023-06-05
Milaka lagun hurbildu ziren atzo Mungiara Euskal Eskola Publikoaren 30. Jaia ospatzera. Ikastetxeetatik antolatutako autobusetan, garraio publikoan, autoetan eta autokarabanetan gerturako dira „Jagon“ lelopean ospatu dugun Jaira.
Legarda eskolako patioan ospatu da hasiera-ekitaldia. Txalaparta, adarra eta irrintziaren ondoren, agurra dantzatu du Gatikako Intxurtxu dantza taldeak. Ondoren, hitza hartu dute Hezkuntza Sailburuak (Jokin Bildarratz), Mungiako alkateak (Ager Izagirre) eta EHIGEko presidenteak (Arkaitz Aburto). Bertso bana bota dute Legarda, Mungiako institutua, Laukarizko eskola eta Bakioko eskolako ikasleek. Amaitzeko, lekukoa eman zaio datorren urtean Euskal Eskola Publikoaren 31. Jaia antolatuko duen Ordiziako eskola eta institutuari.
Gonbidatuen artean egon dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaz gain bi sailburuordeak, Begoña Pedrosa eta Xabier Aizpuruak. Bertan egon dira ere EAJ, EH-Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE partiduetako kideak, baita LAB, STEILAS eta CCOO sindikatuko ordezkariak eta HEIZE, Kontseilua, AEKko ordezkariak. Eta nola ez, Mungialdeako alkate, zuzendaritza eta guraso elkarteen ordezkariak ere.
Hiru gunetan banatu dira jarduerak: ikastetxe publikoen gunea, Matxin plaza eta Torrebillela parkea. Aurreikusitako jarduera guztiak egin dira arrakasta handiarekin.
Urtez urte gero eta lagun gehiago biltzen dira Euskal Eskola Publikoaren Jaian, eskola publikoaren hezkuntza-komunitatea gero eta ahaldundua dagoela erakusten duelarik. Euskal hezkuntza-sistema eskola publikoan oinarritu behar da bai edo bai.
Bihartik aurrera Euskal Eskola Publikoaren 31. Jaia antolatzen hastea baino ez da geratzen, Ordiziako hezkuntza-komunitatearekin elkarlanean.
*Irakurri EHIGEren diskurtsoa: Diskurtsoa EHIGE EEPrenJaia23