Onarpen prozesu berriaren inguruko kezka plazaratu du Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak
2023-02-02
Datorren ikasturteko matrikulazio kanpaina hastear dagoen honetan, Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak prentsaurre bat eman du bi helbururekin: onarpen-prozesu berriari buruzko kezka azaldu eta familiak Euskal Eskola Publikoan matrikulatzera animatu.
Onarpen Dekretua eta Aginduak
Plataformaren ustez, aurten onarpen-araudia aldatu da baina irakaskuntza pribatu-itunduaren aldeko planifikazioan oinarrituta jarraituko du matrikulazio prozesuak, hezkuntza itunak blindatu baitituzte. Bestalde, zonifikazio berriak, zonalde handiagoekin, ikastetxeen arteko lehia sustatzen du eta ikastetxe ahulenak arriskuan ipintzen ditu, horietako gehienak publikoak.
Aurten lehenengo aldiz Hezkuntza Sailak, gehienez jota, egoera zaurgarrian dauden ikasle multzo bat, orain arte ikastetxe publikoetan matrikulatzen zena, ikastetxe pribatu-itunduetara bideratuko duela uste du Plataformak, aldi berean diru eta baliabide gehiago ikastetxe horiei emango dielarik, sare publikoa ahulduz.
- Ikasleak banatzea: araudi berriak ikastetxe guztiek berariazko premiak dituzten ikasle-portzentaje bat hartu beharko dutela dio. Kontua ez da mota bateko edo besteko ikasleak banatzea, horrek dakarren estigmatizazio arriskuarekin eta egungo eredu duala blindatzen jarraituz, baizik eta eskola publikoen sare orekatu eta indartsu bat eraikitzea.
- Eskola plaza pribatu-itunduen gain eskaintza dago: Onarpen Dekretuan, Hezkuntza Sailak eskola-plazen gain eskaintza saihesteko asmoa adierazi bazuen ere, ondorengo aginduaren arabera pribatuaren eskaintza osoa mantendu du. Horrek zuzenean kaltetu eta murriztuko du sare publikoa, plaza publiko berriak sortu beharrean, itunpeko sareari nahi adina hazten utzi zaiolako.
- Ikasleak egunero garraioan, praktika jasangaitza: araudi berriaren baremoan hurbiltasunak garrantzia izan arren, bai pribatu-itunduko eskola-plazen gehiegizko eskaintza mantentzeak nola zonaldeak handitu izanak umeen mugikortasuna bultzatzen dute.
Publikoaren aldeko aldarria
Plataformaren ustez, Hezkuntza Lege berriaren zirriborroak sare publikoa eta pribatua berdindu nahi ditu “Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa” delako batean, biak maila berean jarriz, berdinak izango balira bezala.
Horretaz gain, zalantzan dabiltzan familiei eta baita gizarte osoari ere, hezkuntza publikoaz harro egoteko arrazoiak helarazi dizkiete: Unibertsala da, euskalduna, anitza, kalitatezkoa, inklusiboa, herritarra eta parte hartzailea jasangarria, langileak kontratatzean berdintasuna, meritu eta gaitasuna ditu irizpide.
Deskargatu prentsa oharra PDF formatuan.
Sinatzaileak: Gasteizko, Oiongo, Bilboko, Santurtziko, Oarsoaldeako, Astigarragako, Donostialdeko, Aiztondoko, Lasarte-Oriako plataformak; Ordiziako Euskal Eskola Publikoko Komunitateak, Amurrioko Hezkuntza Publikoaren Sarea eta Debagoieneko Goieskola; EHIGE, HEIZE, Ikasle Sindikatua, Ikasle Abertzaleak, Ikama, Ikasle Ekintza, Gazte Komunistak, STEILAS, CCOO Irakaskuntza, ESK