Ondarreta Ikastetxeak 50 urte bildu ditu erakusketa batean

2020-10-07

Mende-erdia igaro da Ondarreta Ikastetxe Nazional Mistoa abian jarri zenetik Ondarreta Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxeraino. Ibilbide luze horrek aldatu egin du eskola publikoaren kontzeptua, Andoaingo gizarte-errealitatera egokitu arte, euskara bere hezkuntza-lanean integratuz —ikastetxeak eskolak D ereduan bakarrik ematen ditu— eta hezkuntza-eredu berriak ezarriz. Ibilbide hori guztia Ondarreta Ikastetxeak Bastero kultur-zentroko aretoetan zabaldu duen erakusketan ikus daiteke. Bertan, ikastetxeko eraikinen eraikuntzari buruzko argazkiak eta ikasleen hainbat etapetako irudiak, idazmahaiak, ortografia eta gramatikako Rubio koadernoak bezalako hezkuntza-materiala, ikastetxeko dokumentuak, Encarni Genua artistaren txotxongiloak eta baita aurki daitezke San Juan danborradako jantziak ere.

Erakusketan, eskola publikoaren kontzeptua ikastetxeak berritzeko egin duen lana gogorarazten da. 70. hamarkadan, neska-mutilen eskola mistoen lehen urratsak eman ziren eta klaustroa erlijioaren irakaskuntza zientifikoagoaren alde agertu zen, ikasleen errealitate sozialarekin bat zetorrena. Gaur egun, zentroaren filosofiaren oinarriak, berdintasuna, errespetua eta kultur-aniztasuna dira.

Ibilbide historiko honetan, Ondarretak 50 urte hauetan beren ikasgeletatik igaro diren milaka ikasleak ere gogoratu nahi izan ditu. Haiei eskaintzen die erakusketaren zatirik handiena, txuri-beltzeko bideo zein argazkiekin,  ikastetxeak antolatzen zituen pintura edo xake lehiaketetako irudiekin, ikasturte-amaierakoak, inauterietako festak, txangoak edo urtez urte ikastetxeak parte hartzen duen herriko jaietako danborradenak.

Itxaso Mendiluzek erakusketaren komisariotza du eta erakusketa, urriaren 31 arte, larunbata, bisita daiteke, astelehenetik ostiralera, 18:30etik 20:00etara (asteartean itxita), eta larunbatetan, 10:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era. Hilaren 18an erakusketaren bisita gidatua izango da.