Orokieta herri eskolak “Emakumeak zientzian” inguruko lan bat burutuko da

2020-03-04

Martxoak 8an Emakumearen Nazioarteko Eguna izanik eta aurreko otsailak 11n Emakume Zientzialari Nazioarteko Eguna izan zenez, hari horri tiraka eginez gai hori lantzea pentsatu dute Orokieta Herri Eskolan. “Jakin badakigu Zientziaren munduan gero eta emakume gehiago dabilela. Eta imajinatzen dugu lehen ere izango zirela emakume zientzialariak munduan zehar. Baina, ezagutzen al ditugu? Ateratzen al dira zientzia liburuetan eta aldizkarietan? Ba al dakigu zeintzuk diren eta zer lan egin dituzten?”. Arlo askotan bezala, emakume zientzialariak itzaletan egon dira orain arte, eta nahi dutena argitan jartzea da. Horretarako, emakume zientzialariak ezagutuko dituzte, ikusgarritasuna emango diete eta haien lana balioetsiko dute.

Zer da egingo dutena? Batetik, aurkezpen bat prestatuko dute informazioarekin, eta etxeetara helaraziko dute. Bestetik, lehiaketa moduko bat jarriko dute martxan, nahi duenak parte har dezan. Lehiaketan, zientzialari bakoitzaren argazkia, bere fitxa eta jaiotza datarekin lotu beharko dira eta parte hartze orrian idatzi. Buzoi bat jarriko da idazkaritza aurrean parte hartze orriak jasotzeko.

Azkenik, ikasleek Txikipedian emakume hauen biografiak sartuko dituzte.

Lan interesgarria eta polita, dudarik gabe. Familiak ere gaiari buruz seme-alabekin hitz egitera animatu nahi dituzte, lehiaketan lagunduz edo ekarpenak eginez.

Emakume zientzialarien lehiaketa