Orokieta ikastetxeak biodibertsitatea lantzen duen ekimen batean parte hartzen du
2021-06-18
Biodibertsitatearen gaia eskolen ingurunera eraman nahi izan du Aranzadi zientzia elkarteak, ikasleek haien eguneroko bizitzan tokikotu dezaten eta irakasleek tresna didaktiko moduan erabili dezaten.
Txoribox eta Eskoletako Urmaelen Sarea Aranzadin finkatuta dauden bi proiektu dira, eta horiek bat egin dute Eskolak naturan, natura eskolan egitasmo sozialean. Eskoletan hegaztientzako jantokiak eta habia-kutxak eraikitzen eta kokatzen ari dira, baita eskolaren inguruetan urmaelak eraikitzen edota egokitzen ere. Zarautzko Orokieta eskolan badute bat 2016tik. Horrez gain, Aranzadi Zientzia Elkarteko adituen gidaritzapean, halaber, ikasleekin, irakasleekin eta herritarrekin gaia gizarteratzeko jarduerak ari dira egiten.
Gipuzkoako hamahiru udalerritako 23 eskolak parte hartu dute proiektuan. Guztira 23 habia-kutxa, hamazazpi jantoki eta 11 urmael sortu dituzte. Era berean, Aranzadi urmaelen, habi-kutxen eta jantokien erabilera didaktikoa egiteko jardueren proposamen txostena ari da garatzen erabilera didaktikoa emango dioten eskolentzat.