Osasun krisia ezin da aitzakia izan DBHn ordutegi jarraitua ezartzeko

2020-07-15

Hezkuntza Sailak aukera emango die bigarren hezkuntzako ikastetxeei ordutegi jarraitua ezartzeko datorren ikasturtean, salbuespen gisa. Ikastetxe horiek ez diete ikasleei borondatezko eta doako jarduerarik eskaini beharko arratsaldean, Hauspoa programa eskaintzen duten bigarren hezkuntzako ikastetxeen kasuan bezala.

EHIGEtik eskatu diogu Hezkuntza Sailari ordutegi-aldaketa hori ez baimentzeko, honako arrazoi hauengatik:

  • Ez dago ordutegi jarraitua etena baino hobea dela justifikatzen duen arrazoi pedagogikorik. Izan ere, hau eta hau bezalako ikerketa batzuek zalantzan jartzen dute ordutegi jarraitua.
  • Ikastetxe batek ordutegia aldatu nahi duenean, familia guztiei galdetu behar die, izan ere aldaketak eragingo die. Kasu honetan, kontsulta hori egin gabe ezar daiteke.
  • Ikasle behartsuenak izango dira kaltetuenak, gurasoek ezingo baitiete kalitatezko jarduerarik eskaini arratsaldean.
  • Konfinamenduan eskuratu ez diren gaitasunak berreskuratzeko aukera galtzen da.
  • Jantokia arriskuan jartzen du, familien kontziliazioa eta ikasleei elikatzeko eskubidea eskaintzeko funtsezko zerbitzua.
  • Zalantzan jartzen dugu haren oinarri juridikoa, gure araudiak zehazten baitu bigarren hezkuntzako ordutegia goiz eta arratsaldekoa izan behar dela (Oinarrizko Hezkuntzaren 2015eko Dekretua eta eskola-egutegiaren 2008ko Agindua).

Urtebeteko behin-behineko erabaki bat gure institutuetan behin betiko ezartzeko arriskua dago, inolako eztabaida sakonik gabe. Eskola-garaiek eztabaida sakona eskatzen dute, gure hezkuntza-sisteman eman ez dena. Ezin dugu onartu osasun-krisiak ikasleei kalitatezko hezkuntza izateko eskubideak murriztea.