Patio dibertigarria Gorliz Ikastetxean

2021-06-01

2019ko azaroan, Gorlizko Ikastetxeko Guraso Elkarteak “Patio dibertigarria” proiektua abian jartzea erabaki zuen, “bizitza osasungarria, bizikidetza eta euskararen erabilera sustatzea” ardatz dituen proiektu global baten barruan, ikasleek jantokiko ordutegian egiten dituzten jarduerak dinamizatzeko xedez.

Proiektu hori Eusko Jaurlaritzak emandako diru-laguntzari eta Gorlizko Udalaren laguntzari esker gauzatu zen. Udalaren laguntzarik gabe ezin izango zuketen eskatutako inbertsioa burutu. Honako helburuak ditu patioaren proiektua:

  • Jolastokia ikaskuntzarako, jolaserako eta mugimendurako espazio inklusibo bihurtzea eta/edo dinamizatzea.
  • Kalitatezko harremanak eta esperientziak eraikitzea, berdintasunean eta aniztasunarekiko errespetuan oinarrituta (kultura, etnia, sexua, funtzionalitatea, etab.)
  • Ikasleen behar eta interesetara egokitutako patioa izatea, jolaserako, jarduera fisikorako (batez ere nesken artean) eta ikastetxeko ikasle guztien bizikidetzarako aukerak areagotuz.

Baliabide gehiago

Proiektu honen lehen fasean, ikasleei jarduera gehiago eskaintzeko baliabideak eman zitzaizkion ikastetxeari. Hori dela eta, jolastokiko hainbat gune libretan jolas batzuk margotu ziren, ikasleek modu independentean jolasteko aukera izan zezaten, begiraleen laguntzarik, materialik edo antolaketarik behar gabe aritu ahal izateko.

Gainera, materiala erosi zen (koltxonetak, konoak, pikak, baloiak, sokak, etab.), aukera gehiago emateko zuzendutako jarduerak egiteko eta ikasleek askatasunez erabiltzeko. Materiala erabili ahal izateko hainbat arau errespetatu behar dira. Hirugarren zikloko ikasleak dira arauak beretzen ari direla baieztatu behar dutenak, eta, horrela, ikasleek beraiek parte hartuko dute jardueren garapen egokian.

Zoritxarrez, proiektuaren zati hau ezin izan zen gauzatu COVID-19aren ondorioz, lehenik konfinamenduagatik eta ondoren material partekatuaren erabileraren murrizketengatik, eta ikasleek ezin izan zuten jolas berriez gozatu irailera arte.

 

2021-2022 ikasturteari begira

2020-2021 ikasturtean, eta osasun-protokoloek eta burbuila-taldeek ezarritako mugekin lehen hiruhilekoan izandako esperientziarekin, ikusi zen ikasleek ezin zituztela egin ohituta zeuden jarduera berak, eta horrek nolabaiteko aspertze-sentsazioa zekarrela haientzat, bai eta gatazken areagotzea ere.

Ikastetxeko zuzendaritzarekin eta jantokiko arduradunarekin lankidetzan, “Jolastoki dibertigarria” proiektuaren bigarren fasea abiarazi zen, jolastokian egiteko jardueren dinamizazioa. Enpresa espezializatu baten bidez, aparteko begirale bat kontratatu zen, zeinak, jantokiko txanden arabera taldeak antolatuz, jarduera desberdinak eskaintzen baitizkie interesa duten ikasleei, jolas askerako aukera mantenduz.

Naiz eta jarduera COVID-19ak baldintzatutako premia espezifikoak erantzunez martxan jarri, ekimenak izan duen arrakastaren ondoren, 2021-2022 ikasturterako plana lantzen hasi dira, hasierako ideiara itzuli ahal izateko, aurretik planteatutako helburuak lortzeko xedez.