PISA 2018 emaitzen balorazioa
2019-12-09
HEIZE eta EHIGE erakundeentzat hainbat aldiz kritikatu ditugun ezaugarriak eta mugak dituzte PISA frogek. Rankinetan pixka bat gorago edo beherago egoteaz aparte, ikastetxeetako hezkuntza-zereginari ezer gutxi laguntzen diete. Hezkuntza-sistemari ere ezer gutxi laguntzen dio irakasleei leporatzea emaitzen okerragotzea edo 2015tik Hezkuntza sailak hartutako erabakiek izatea egungo igoeraren arrazoia. Gure esperientziak esaten digu hobekuntzak motelak direla eta batzuetan gora beherak izaten dituztela. Beraz, adierazle horiek datu bat gehiago baino ez dira eta ezin ditugu erabili sistemaren behin-betiko analisia egiteko.
PISA 2018 emaitzak
Emaitza orokorrak 2015ekoak baina hobeagoak izan dira baina hori espero genuen, hauek oso pobreak izan baitziren. Ikasleen gehiengoak erdi mailako emaitzak lortzen ditu (2tik 4ra) eta hori positiboa da. Pena da irakurmeneko emaitzak ez argitaratu izana, aurreko edizioko emaitzak oso kezkagarriak izan baitziren.
Ikuspegi zabalago batetik begiratuta, ikusiko dugu Euskadiko emaitzak erdiko eremuan kokatzen direla. Horrek bikaintasunetik urruntzen gaituen nolabaiteko erosotasuna erakusten du, batez ere Zientzietan. Honek erakusten digu, berriro ere, maila sozio-ekonomiko ertain-altuko ikasleak aukeratzen dituzten ikastetxeek ez diotela ematen hezkuntza-sistemari eskola-testuinguru horri legokion bikaintasuna.
Baina Euskal Eskola Publikoarentzat ba dago arduratzen gaituen datu bat, aspalditik jakinarazi duguna. Zientzietako emaitzak aztertzen baditugu ikusiko dugu portzentaje txiki batek (%3,87) lortzen duela 5-6 maila eta ikasleen %18,62ak ez duela gainditzen 2 maila. Gure sistemak aspaldidanik arrastatzen duen arazo estrukturala da eta erakusten digu lan asko egin behar dugula oraindik ikasleen arteko desberdintasunak murrizteko efikazak izan nahi badugu.
Hezkuntza sistemak erreforma urgenteak eta sakonak behar ditu 2018ko PISAk aipatzen dituen hobekuntza tendentziak sendotu daitezen. Bada garaia benetako sistema inklusibo eta ekitatibo sendo eta eraginkorra eraikitzeko.
PISA frogak eta hezkuntza kalitatearen hobekuntzari buruzko hausnarketak
PISA frogak, ikasleen errendimendua neurtzeko tresna izateaz gain, sisteman parte hartzen duten eragile eta instituzio guztiak ebaluatzeko tresna direla kontsideratzen badugu, ezin dugu alde batera utzi Administrazioaren ardura. Izan ere froga hauek ikastetxeen gain presioa egiteko erabiltzen dira beste eragile batzuk seinalatu gabe. Guretzat sinesgarritasun gutxi dauka irakasleak ebaluatzea beste eragile eta batez ere Administrazioa bera ebaluatzen ez bada.
Norbanako, eginkizun eta erlazioen sistema konplexu eta dinamikoak dira eskola eta ikasgela. Ezin dira ulertu informazioen gehikuntza lineal soil batekin, ulertzeko eskema edo eredu konplexu bat beharrezkoa da. Berdin gertatzen da ikasgela, eskola eta inguruko kontestuen interazkioen artean.
Kanpoko ebaluazio hauek ematen duten informazioa batutzailea da batez ere eta erabilgarria, kasurik hoberenetan, eskola edo sistema bakoitzaren aurrerapena identifikatzeko, ez ordea hobekuntza-praktikak gidatzeko. Izan ere, bertako curriculumetik urrun daude eta informazio gutxi ematen dute ikasleen hutsune edo ikusmolde faltsuei buruz, indargune edo ahultasunei buruz, eta batez ere, gutxi esaten digute zergatiei buruz.
Kanpoko froga eta test-ak ezin dira izan hezkuntza ebaluatzeko tresnak. Emaitzak eta adierazleak neurtzen dituzte baina ez dituzte diagnostikatzen prozesuen izateak ezta identifikatzen ere garapen maila konkretu baten lorpenean esku hartzen duten zio edo faktoreak, ezta indar eta ahultasunak.
Merkatuaren antzeko hezkuntza-sistemek, elkartasuna sustatu ordez, frogak erabiltzen dituzte euren arteko lehiakortasuna sustatzeko, era honetan berrikuntza oztopatzen dute baita elkarrekiko ikaskuntzan oinarritutako hobekuntza ere. Merkatuan daude jada ikasleak hauen antzeko frogetan trebatzeko aplikazio eta baliabideak. Hezkuntza sailak berak ere ikastetxeen eskura ipini ditu honelako materialak (kontsignarik gabe momentuz). Honek hezkuntzaren kalitate utilitaristara eramaten gaitu eta ez ikaskuntzaren izaera konstruktibistan oinarritutako benetako hezkuntzara.
Ikastetxeen barne ebaluazioa da hobekuntzaren giltzarria
Hezkuntzaren ebaluazioa produktuez haratago doa eta ikaskuntzaren prozesuak eta testuinguruak barne hartzen ditu. Prozesuak berriro orientatzen lagundu nahi du hauek ondo funtzionatzen ez dutenean, curriculum “emergente” deritzonari aukera eman ikuspegi progresiboaren diseinu malgua birformulatuz, berau egoera berrietara eta ikasleen egungo interes eta aukeretara egokitzeko. Hezkuntzaren ebaluazioak zeregin eta arazo errealak proposatzen ditu testuinguru erreal eta egungoetan, zentzuaren gardentasuna indartzen du bere asmo eta ebaluazio irizpideak komunikatzerakoan; atzeraelikadura prozesuak sustatu eta estimulatzen ditu, berdinen arteko ebaluazioa eta norberarena. Azken finean, ikaslea bere ikaskuntza prozesuaren parte egiten du.
Jasangarritasun ekonomikoa
Ez da jasangarria hainbeste datu eta adierazle etengabe pilatzea, eta ez dator bat kalitatearen hobekuntza politikak ikaskuntza prozesuetan inplementatzeko behar den denborekin. Adituek dioten bezala, edozein erreformak gutxienez hamarkada bat behar du finkatu eta emaitzak emateko.
Horregatik, froga hauen jasangarritasun ekonomikoaren balorazio negatiboa egiten dugu HEIZE eta EHIGE-k. Edizio bakoitzean 200.000 euro gastatzeak ez dirudi inbertsiorik hoberena kalitatea hobetzeko, honetarako lehentasun gehiago duten partidak kontenitu edo murrizten ari direnean.
Gainera, testuinguru globalari erreparatzen badiogu, eragile askok salatzen dute froga hauek mundu mailako hezkuntza-merkatuan irabazi handienak ematen dituen sektorea bihurtu dela. Ikaskuntzaren emaitzak neurtzera dedikatzen diren enpresa berberak dira kontuak ematearen aldeko erreformak hedatu nahi dituztenak. ELGEren hitzetan, “ikasleen ebaluaketa estandarizatua industria errentagarriagoa bihurtzeak” esan nahi du “enpresek pizgarri handiak dituztela ikasleen ebaluazio estandarizatuaren alde presionatzeko”.
2019-12-04