STEILASek eta EHIGEk positibotzat jotzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaia, eta Euskal Eskola Publikoa lehenetsiko duen plangintza-dekretu berri bat egitea eskatzen diote Hezkuntza Sailari
2025-01-17
STEILASek eta EHIGEk otsailaren 28ko 30/2023 Dekretuaren (antolamendu- eta plangintza-irizpideak ezartzen dituen Dekretua aldatzen duena) aurka aurkeztutako demandaren ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak epaia eman du, eta Dekretu hori erabat deuseztzat jo du.
Dekretu hori funtsezkoa da hezkuntza-sistema antolatzeko, haren mende baitaude, adibidez, hezkuntza-sistemaren plangintza, hezkuntza-eskaintza eta ikasleen ratioak.
STEILASek eta EHIGEk azaldutako inpugnazio-arrazoiek zalantzan jartzen zituzten dekretuaren legezkotasuna eta edukiak. Edukian sartu gabe, lehen argudioa nahikoa izan da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak dekretu hori baliogabetzeko.
Hala, prozedurari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak adierazi du Eusko Jaurlaritzak ez zituela bete arauak ezarritako gutxienekoak, hala nola dekretu-proiektuaren txostenaren justifikazioa, Euskadiko Eskola Kontseiluaren partaidetza-prozedura errespetatzea edo Eusko Legebiltzarrera bidaltzea.
Azpimarratu behar da Eusko Jaurlaritzako bi erakundek, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak, proposamenaren justifikaziorik ezaz ohartarazi zutela. Hala ere, dekretua argitaratzea erabaki Hezkuntza sailak. Presaka zihoan.
Demanda baietsi da lehenengo argudio formalarekin, eta horrela ez dira baloratu STEILASek eta EHIGEk ere demandan aurkeztu zituzten eduki hauek.
- Plaza publikoen ordez “funts publikoek eutsitako plazak” jartzea. Ikaspostu publikoen bermea, LOEren 109. artikuluaren arabera nahitaez bete beharrekoa, erabat lausotuta geratzen zen dekretu honetan. Oinarrizko araudiak “plaza publiko nahikoak bermatuko direla” dioen lekuan, dekretuak “funts publikoekin eutsitako plazak” aipatzen zituen, eta hori ez da gauza bera.
- “Euskal hezkuntza-zerbitzu publikoa”. Dekretu horren bidez, titulartasun publikoko zentroak titulartasun pribatuko zentroekin parekatu nahi ziren, Euskal hezkuntza-zerbitzu Publikoaren bidez. Aurkeztutako demandak horrelako organo bat legez kanpokoa dela azpimarratzen du, ez baitu legezko tokirik. Legea argia da: ikastetxe pribatuek hezkuntza-itunen bidez ematen dute hezkuntzaren zerbitzua, eta ez dago besterik. Ikastetxe publikoak eta zentro pribatuak parekatzea ezinezkoa da, besteak beste, administrazio publikoak ez duelako eskumenik zuzenbide pribatuak arautzen dituen enpresak zuzentzeko edo horietan esku hartzeko.
- Dekretu horrek hezkuntza-komunitatearen parte-hartzea baliogabetu zuen, eskola-maparen jarraipena egiteko lurralde-batzordeak kendu baitziren. Atzerapauso demokratikoa da hori, arauz eragozten diena hezkuntza-eragileei modu aktiboan parte hartzea hezkuntza-eskaintzaren prestaketan, kontrolean eta jarraipenean.
Dekretuak, halaber, itunpeko eskoletako haur-hezkuntzako eta lehen hezkuntzako geletan taldeak sortzeko gutxieneko ikasle kopurua murriztu zuen 17tik 13ra.
Azken batean, dekretua argitaratu aurretik zortzi zirriborro izan zituen, eta patronalaren neurrira egina zegoen: eskola publikoa eta pribatua Euskal hezkuntza-zerbitzu publikoaren bidez parekatzea, taldeak sortzeko gutxieneko kopurua jaistea, eta abar. Eta hori guztia itunpekoaren gehiegizko eskaintza gordinarekin.
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epai horrek segurtasun juridikorik eza sortzen du, dekretu honetan oinarritzen baita hezkuntza-sistema osoaren plangintza.
Jakin dugu Eusko Jaurlaritzak errekurtsoa aurkeztuko duela epaiaren aurka. Azkenean hala egiten badu, epaiaren behin-behineko betearazpena eskatzeko aukera aztertuko dugu. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu epaia bere gain hartzeko eta onartzeko, ez luzatzeko haren betearazpena errekurtso antzuekin eta Euskal Eskola Publikoa lehenetsiko duen plangintza-dekretu berri bat egitea.
Deskargatu prentsa-oharra PDF formatuan.